‘Sorginak Diziplinatu beharreko emakumeak, atzo eta egun’ mahai ingurua Gasteizen

Elena Cercadilloren gidaritzapean, Amaia Nausia historialariak eta Maider Garcia de Bikuña sexologoak parte hartuko dute mahai inguruan, datorren otsailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean.

IKA euskaltegiek 31 urte bete dituzte aurten eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte zenbait gizarte-eragilerekin elkarlanean. Horietako bat dugu, Gasteizko Oihaneder Euskararen etxea eta Sorginenea Emakumeen etxea bidelagun hartuta, antolatu duten mahai-ingurua, Sorginak Diziplinatu beharreko emakumeak, atzo eta egun izenpean.

Mendeetan zehar, sorginei buruzko irudi faltsua saldu izan da jendartean, emakume zahar itsusien irudia, alegia, beti lardaskan dagoena, lizunkeriei eta aldrebeskeriei emanak, deabruarekin harreman estuan, ukendu eta edabe “nazkagarriak” prestatzen eta arao izugarriak ezpainetan zituztela. Gure irudimenean finkatuz joan den klixea izan da. Horren adibidea, IKAk berak sortu zenean erabiltzen zuen irudia.

Azken hamarkadetako ikerketen emaitza oso bestelakoa da baina, “gauzak oso bestelakoak izan ziren, eta sorginekin hasi zen prozesua ez da oraindik bukatu”, diote antolatzaileek. Amaia Nausia historialariak 500 urteko doktrinamenduari buruz hitz egingo du mahai inguruan, eta Maider Garcia de Bikuña sexologoak sexu-arloan oraindik ere nagusi diren autoezagutza faltaz eta irudi okerrez. Bideratzailea Elena Cercadillo izango da, Sorgineneako kidea.

Mahai ingurua datorren otsailaren 20an, osteguna, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Gasteizko Oihanederreko Ortuño aretoan.

Zabaldu: