‘Sukaldeko elkarrizketak’ bueltan dira

Gaur eta bihar, Donostia berriro izango da hitzaldi, mahai-inguru eta dinamika sortzaileen epizentroa.

Gaur abiatuko da Sukaldeko Elkarrizketak, gastronomiari ikuspegi diziplinartekoa emanez eskemak apurtzen dituen biltzar gastronomikoa; Mugaritz, Euro-Toques eta Basque Culinary Center dira sustatzaileak.

Gaur eta bihar, Donostia berriro izango da hitzaldi, mahai-inguru eta dinamika sortzaileen epizentroa. Hamargarren edizioa da dagoeneko, eta, sukaldaritza aitzakia gisa hartuta, beldurra izango du hizpide. Antolatzaileek azaldu dutenez, “aurrez aurre begiratzea beldurtzen gaituen horri da helburua eta egungo ustekeriak, fobiak eta antsietateak aurrera egiteko aukera bilakatzea”.

Hala, bi egunez, “agertokiak bazkalondoko mahai-bueltaren giroa hartuko du eta testigantza inspiratzaileak kontatuko dira, gastronomiaren sektorea animatu dadin beldurraren efektu geldiarazleak gainditzera testuinguru sortzaile batetik”.

Zeren beldur? goiburupean, “berrehun lagun inguruk aukera izango dute desegokitasuna, ezezagun zaiguna eta astintzen gaituen deserosotasuna lantzeko zenbait ezagutza-arlotako adituekin batera”. Abentura horretan parte hartuko dute, besteak beste, Argentinako Leila Guerriero kronikariak (Latinoamerikako idazle eta kazetari ezagunenetako bat da eta, besteak beste, La llamada, Los suicidas del fin del mundo eta Teoría de la gravedad liburuak idatzi ditu), Rene Redzepi daniarrak (Noma jatetxeko chefa eta azken urteetan gastronomiaren munduan izan den aktore apurtzaileenetako bat, eragin handikoa; oraingoan, elkarrizketan arituko da Sasha Correarekin, eta sormen gastronomikoaren gailurrean daramatzan 20 urteetan bere buruari egin dizkion galderak egingo dizkio); Paco Plaza zinemagileak (REC eta Veronica beldurrezko filmen zuzendaria, besteak beste; jendea beldurtzeak dituen ondorioez arituko da) eta Jon Maia bertsolari eta idazleak, zeina lotsatik harrotasunera igaroko baita inaugurazio-jardueran, inolako beldurrik gabe, ahoa irekitzera animatzeko.

Andoni Luis Aduriz biltzar honen sortzaileak adierazi duenez, “sinetsita nago beldurraren gaia ikuspegi eta ahots hain desberdinetatik lantzea eraldatzailea izango dela publiko guztiarentzat. Izan ere, Sukaldeko Elkarrizketek gero eta gehiago lausotzen dituzte biltzar gastronomikotzat jotzen denaren mugak, eta bazkalondoko ideia-zaparrada bilakatzen da. Aurtengo ediziorako prestatu duguna ametsa da erabat”.

Hatza ezpainetan, hatza zaurian

Desegokitasun politikoez eta tabuez arituko da Juan Soto Ivars idazle polemikoa, eta su-lerroan lan egitea nolakoa den azalduko dute Nuria Teson gerra-korrespontsalak eta Andres Torres sukaldariak (Global Humanitaria GKEaren sortzailea, Casanova jatetxeko chefa eta 2024ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea). Baina izango da gehiago ere. “Greta Alfaro artista nafarrak hortz-haginekin txikituko du jatekoa, erritual aztoragarri bat balitz bezala; Xavier Medina elikadura-antropologoak hatza sartuko du bete-betean tradizioaren zaurian, eta bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarriko zaio bere gogoetekin: paella txorizoduna?, Tortilla tipula eta guzti?; eta Juan Revenga nutrizionistak elikagai-desalfabetizazioa (higuin irrazionalak baina ‘oso komertzialak’ eragiten ditu) eta beste alderdi batzuk landuko ditu”, azaldu dute antolatzaileek.

Aduriz elkarrizketa-menuaren funtsezko osagaietako bai izango da oraingoan ere. “Bittor Arginzoniz, Etxebarri erretegiko sukaldaria, solasean arituko da Lakshmi Aguirre idazle gastronomikoarekin; sua izango dute hizpide, literalki eta metaforikoki, ustekeria intimoenen jatorri gisa. Bestalde, Pedro Sanchez (Baga), Iris Jordan (Ansils) eta Lara Roguez (Abarike) protagonista izango dira sormenezko inbutuari buruzko mahaian, horixe izan baitaiteke abangoardia gastronomian bestelako ekarpenak egin nahi dituztenentzat; eta Julian Otero sukaldariak (Mugaritzeko I+Gko kidea) fobiei, filiei eta cringeei buruzko gogoetak egingo dit”u. Gainera, “pilula txikiak prestatuko dizkigute Donostiako Lurka bean-to-bar txokolate-lantegiko Cristina Castellanosek eta Pablo Ibarrechek, Bakeako (Mungia) sukaldari Alatz Bilbaok, Esment Fundazioko (Mallorca) Merce Marrero Fusterrek eta Kiaora Gastronomia Socialeko Yelel Cañasek eta Silvia Fraccarolik, ongi etorria emateko hilaren 3ko eta 4ko jardunaldietara datozen guztiei”.

Musika ere izango da Sukaldeko Elkarrizketetan. Madrilgo Morgan taldeak saio akustiko intimo eta berezia eskainiko du. Bestalde, Jumitus Tutupa ekoizle eta konpositoreak (eskarmentu handiko piano-jotzailea ere bada, Diego el Cigalarekin eta beste artista batzuekin aritua) emango dio amaiera ekitaldiari.

Zabaldu:

Utzi erantzuna