Tradizioa, emakumeen ahalduntzea zein egunerokotasuneko gaiak dira nagusi abestietan.
Josune Arakistainek (Süne) bere bakarkako lehen diskoa plazaratu du Amaineman izenpean. Lana hamaika abestiz osatuta dago eta horietatik hiru aurrerapen gisa kaleratu dira dagoeneko: Sunday, Lau Korapilo eta Txitxarro.
Musikariak euskaraz ezezaguna den Amaineman (amain eman) hitza lehen planora ekarri nahi izan du, eta aitortu duenez, “hasierek ematen duten askatasunarekin zein beldurrarekin” sortu ditu abestiak, amaierez eta etapa aldaketei buruz kantatzeko. Tradizioa, emakumeen ahalduntzea zein egunerokotasuneko gaiak ere landu ditu besteak beste.
Bakarkako bide berri honetarako, Sünek bere bi munduak batu ditu: trikitia eta elektronika. Lau Korapilo edo Txitxarro abestietan erakutsi duen bezala, bere abestiek beti dute trikitiaren eta landa giroaren presentzia argia, tradizioari erreferentzia eginez, baina aldi berean freskotasuna eta mugimendua ematen duten doinu elektronikoekin nahastuz.
Diskoa ontzerako orduan, Itziarko musikariak hainbat artista izan ditu ondoan, horien artean daude Veintiuno, Antia Muiño, Greta Ch’aska, Moonshine Wagon eta Rikki. Hauetaz gain, Huntza taldeari omenaldia egiteko asmoz, taldekide ohiekin abesti bat ondu du.
Lana Madril eta Euskal Herria bitartean sortu du. Jimbo Paezen gidaritzapean ekoitzi, eta Haritz Harreguy Studio eta Estudio A Sonido-n grabatu da. Nahasketak, berriz, Haritz Harreguy Studio-n egin dira eta masterizazioa Ultramarinos-en, Victor Garciaren eskutik.