Aurten, berrikuntza gisa, asteburu osoan zehar luzatuko dira jarduerak, nahiz eta egun nagusiak igandean izaten jarraituko duen.
Garces de los Fayos Ikastola datorren igandean, urriak 16, Nafarroako ikastolen aldeko jaia hartzeko prest da jada. Nafarroa Oinez antolatzeak dakarren erronkaz jabetuta, urduritasunez eta ilusioz itxaroten du hitzordua, eta herritarrak animatzen ditu antolatutako ekitaldietan parte hartzera. Aurten, berrikuntza gisa, asteburu osoan zehar luzatuko dira ekitaldi horiek, nahiz eta egun nagusiak igandean izaten jarraituko duen.
Tafallarentzat, laugarren Nafarroa Oinez da hau. Lehena 1986an egin zen, eta ondoren, 1997an eta 2011n. Garces de los Fayos Ikastola 223 familiak, 35 langilek eta 318 ikaslek osatzen dute, hauek, besteak beste, Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri. Puiu, San Martin Unx eta Tafallakoak izanik. Eta, dagoeneko, 644 ikaslek amaitu dituzte ikasketak Ikastolan.
Oraingo honetan, sarbidea errazteko asmoz, hiri-zirkuitu bat diseinatu da, Kondearen Parkea, Ereta edo Kirol Hiria bezalako leku ezagunetatik igarotzen dena. Guztira, ia bi kilometro eta lau eremu ditu, Sustrai, Zuhaitz, Hazi eta Kimu izenekin bataiatuak, Erdian Erein aurtengo leloaren ildotik, Erdialdean euskara ereiten jarraitzera gonbidatzen duena. Gainera, laugarren gunea izan ezik, gainerakoak mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira.
Egitarauari dagokionez, antolatzaileek larunbataren aldeko apustua nabarmendu dute, egun bakar baten ordez asteburu osoko festa izan dadin. Taloak, artisauak, erraldoiak, kontzertuak, ipuin kontalariak, haurrentzako jolasak eta abar egongo dira.
Oinez egunean, bestalde, gazteek laugarren gunean kontzertuez gain bestelako aukerak ere izan ditzaten saiatu dira: jolas kooperatiboak, graffiti tailerra eta kukaña dira horietako batzuk. Bestalde, etxeko txikienek jarduera ugariz disfrutatu ahal izango dute lehen eta bigarren guneetan.
Hala ere, jaialdian musikak duen garrantziaz jabetuta, adin guztiei zuzendutako zuzenekoak izango dira. Hala, Patxi eta Konpania, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pekora, DJ Bull, Txutxin Ibañez & Garibaldi Band, Ache pa ti, Julivert, Skabidean, Rotten XIII eta Trikidantz, besteak beste, igoko dira oholtzara.
Erronka ere musikaz kanpoko proposamena da. Erronka horretan, Nafarroako ikastola guztietako taldeak lehiatuko dira kirol- eta trebetasun-probetan, eta gune guztietan egingo da, goizez.
Ingurumena errespetatzea
Hondakin plastikoen sorrera murrizteko helburuarekin eta Nafarroa Oinez 2022k ingurumena zaintzeko duen konpromisoaren barnean, sare publikoko uraren kontsumoaren aldeko apustua egin du erakundeak. Horretarako, ibilbidean zehar edateko ur-guneak jarriko dira eta lehendik daudenak seinaleztatuko dira. Horretarako aukeratutako ikurra URA hitza duen ur-tanta izango da.
Ildo berean, partehartzaileei edalontzi berrerabilgarriak etxetik ekartzeko eskatu zaie. Hala ere, festaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira.
Nabarmendu beharreko beste proiektu bat Haurren Hiria da, jolas libreko haur-parkeak material birziklatuekin eraikitzean datzana.
Azkenik, antolakuntzak jaia normaltasunez igarotzea nahi duela azpimarratu du, eta baita erasoek tokirik ez dutela gogorarazi ere. “Euskararen festa handia askatasun eta errespetu osoz gozatu nahi dugu”, adierazi dute.