Tanttaka Teatroak ‘Desobedienteak 18/98’ antzezlana estreinatuko du bihar, Bilboko Arriaga antzokian

Obrak desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango du ikuslea, eta haren funtzionamenduaz eta egungo gizartean dugun haren premia eta pertinentzia azalduko dizkio.

Tanttaka Teatroak Maria Goirizelaia antzerkigileak idatzitako Desobedienteak 18/98 antzezlana estreinatuko du bihar, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Arriaga antzokian. Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues dira zuzendariak eta taula gainean Miren Arrieta/Aiora Emparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai aktoreak ikusiko ditugu.

Ainhoa da obra honetako protagonista, Zientzia Politikoetan doktoratu berri da eta doktoretza-tesia defendatu beharko du epaimahai akademiko baten aurrean. Tesi horrek desobedientzia zibila jorratzen du gure demokrazietan indarrean dagoen eta beharrezkoa den borroka-praktika gisa, eta, aldi berean, esanahiz betetako adibideen bitartez, eskubide zibilen historian eta haiek irabazteko bidean desobedientzia zibilak izan duen rol erabakigarriaz hitz egiten du. Lantaldeak kontatu duenez, “funtzioak bete-betean murgilduko gaitu, Garzon epaileak irekitako eginbide batzuetatik abiatuta, 18/98 sumarioaren makro prozesu judizial polemikoan. Honetan, eskubide zibilak gizarte-mugimenduei lotutako oinarri batetik defendatzen zituzten hainbat pertsonaren prozesamenduaren lekuko izan ginen”.

Epaiketatik unibertsitatera eta unibertsitatetik mundura, antzezlanak desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango gaitu, eta haren funtzionamenduaz eta egungo gizartean dugun haren premia eta pertinentzia azalduko dizkigu.

Goirizelaiak azaldu duenez, “antzezlanak konkretua unibertsal egiten du, eta desobedientzia zibilaz hitz egingo digu, ez bakarrik demokraziarekin eta haren printzipioekin bateragarri den tresna gisa, baizik eta demokrazia babesteko ezinbesteko erreminta gisa. Joxemi Zumalabe Fundazioaren kasua eta 18/98 sumarioaren barruko auzipetzea abiapuntutzat hartuta, antzerki-fikzio hau prozesu judizial horretan oinarritzen da eta, horrez gain, desobedientzia zibilaren historian eta haren azken aurrerapenetan murgiltzeko bidaia bat eskaintzen digu”.

Goirizelaiaren esanetan, “beti liluratu izan nau desobedientziak, mutirikeriak. Agian, neskatoa nintzenetik amaren ahotik irteten zen “desobediente” hitzaren durundia nabaritzen dudalako nire baitan; agian, bidegabekeriari beti bide baketsuetatik aurre egin nahi izan diodalako, nahiz eta horrek bere ondorioak izan”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna