(argazkia: Tanttaka)

Tanttaka Teatroak “Sexberdinak” antzezlana estreinatuko du ostiralean, Arrigorriagan

Mireia Gabilondo antzerkigileak zuzendu du obra, taula gainean, berriz, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak ikusiko ditugu.

Tanttaka Teatroa Konpainia donostiarrak Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak igoko ditu oholtzara, datorren ostiralean, hilak 21, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa gelan. Konpainiak azaldu dutenez, “Anaren bihotza logela huts bat omen da, Nicok berea tatuatu nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dute kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta”.

Sexberdinak antzezlanaren gidoia Telmo Iruretak berak eta Kepa Errastik sortu dute eta Mireia Gabilondo aritu da zuzendari lanetan. Proposamen honek antzezlana gurpil-aulkietan eserita ikustea eskaintzen dio publikoari, “esperientzia komunitario bat bizitzeko asmoz”, azaldu dute.

Geuretik sortuak beka

Duela urtebete Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka deialdian irabazle izatetik dator ostiralean, Arrigorriagan estreinatuko den obra hau.

130etik gora antzerki-emanaldiz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak 2022an zehar Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Agenda bat ere osatu dute, hilabetez hilabete osatzen joango dena, emanaldi bakoitzaren informazio praktikoarekin; hemen ikus daiteke jada urtarrileko emanaldi guztiak.

Zabaldu: