(argazkia: Zinegoak)

Lander Telletxearena da aurtengo Zinegoak jaialdiko kartela

Aurtengo irudiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei egingo die erreferentzia, Marioker, Lumatza, Soropila, Kapaza edo Kuir bezalako hitzekin. Jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra izango da Bilbon.

 Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 19. edizioko irudia eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur. Otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta sexu eta genero aniztasuna hiriko hainbat kultur gunetara eramatea izango du helburu. Aurtengo edizioa neurri sanitarioetara egokituta egingo da, eta mundura zabaltzeko bere burua erakusteko, berrizendatzeko eta identifikatzeko beharra aldarrikatuko du, ezarritako etiketarik gabe.

Aurtengo irudia lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei erreferentzia egiten dieten hainbat kartelek osatuko dute Marioker, Lumatza, Soropila, Kapaza edo Kuir bezalako hitzekin. Kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoakek bultzatutako Nola izan/esan bollera euskaraz proiektuan bildu dituzte. Horretan, Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat osatu da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute.

Hiztegian, Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira. Beste hitz batzuk, aldiz, hitz-jokoen bidez sortu dira, “beharra dugulako gure buruak berriro izendatzeko, erakusteko, identifikatzeko eta munduan gure lekua egiteko”, azaldu du antolakuntzak. Jaialdiko kartelek, beraz, “aldarrikatuko dute eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, izanak egiten baitu izena”.

Aurten, beraz, Zinegoakek hainbat hitzez osatutako irudi anitza izango du. Kartelak Lander Telletxeak diseinatu ditu, jaialdiarekin lotura estua duen diseinatzaileak, katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea baita. Telletxeak euskal kulturarekin lotutako proiektuak garatu ditu, eta hainbat erakunderentzat lan egin du, hala nola Azkue Fundazioa, Euskararen Etxea, Valentziako La Ploma, EDE Fundazioa, Bolunta, Bizkaiko Aldundia edo Bilbo, Portugalete edo Leioako Udalak. Donostia Zinemaldiko New Directors saileko kartelaren egilea ere izan zen 2013an.

Zinegoakek bere ohiko egiturari eutsiko dio, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak eginez, sexu- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jaialdiko jarduera guztiak unean indarrean dauden osasun-neurriei egokituta egingo dira.

Zuzendaritza berria

 Gainera, jaialdiak zuzendaritza artistiko berria izango du 19. edizioan. Alaitz Arenzana artista bilbotarrak, jaialdiaren azken edizioetan zuzendari lanak egin dituenak, Zinegoakeko gidaritza hartu du. Jaialdiak azken edizioan 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen, eta urtez urte gero eta nabariagoa da Zinegoakeko hazkundea. Egoera honetan, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.

Norabide horretan, Arenzana izango da Zinegoakeko zuzendari artistiko eta aurpegi nagusia, azken hiru urteetan Zinegoakeko zuzendaritza taldean egon ostean, Pau Guillenen lekukoa jasota.

“Arenzanak barrutik ezagutzen du jaialdia, Euskal Herriko sare artistiko eta sozialarekin lotura handia du eta talde osoaren babesa du Zinegoak jarduera eta lankidetza berriez hornitzeko eta etapa berri bat garatzeko”, azaldu du Guillenek.

Zuzendari berria ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan, bai eta hainbat aitorpen publiko ere bere lan artistikoagatik.

Arenzanak ilusioz hartu du erronka, Zinegoakeko zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da, eta adierazi duenez, “jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar-beharrezkoa delako sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren alde lanean jarraitzea”.

Zabaldu: