Tarregako kale antzerkiaren azokan Hortzmuga eta LaRutan Euskal Herriko konpainiak izango dira

Itsaso Iribarren eta German de la Rivak osatutako artista bikoteak euren obrak ere erakutsiko dituzte.

Tarregako (Herrialde Katalanak) Fira kale antzerkiaren azoka izango da irailaren 5etik 8ra, eta urtero bezala, Euskal Herriko hainbat talde bertan izango dira. Hortzmuga eta LaRutan konpainiek eta Itsaso Iribarren eta German de la Rivak osatutako artista bikoteak euren obrak erakutsiko dituzte esaterako, pitching saioetarako hautatuak izan diren beste lau konpainiez gain.

Bilboko Hortzmuga konpainiak Bidaia, bere ekoizpen berriena, eskainiko du hilaren 6, 7 eta 8an, harresi eta mugei buruzko gogoeta bat da honakoa, “gure gizartearen patologia berekoietatik irteten diren aktibismo indibidual hutsalen garai hauetan”.

LaRutan dantza konpainiak, berriz, Out of the Blue izeneko ikuskizuna egingo du: kale-dantza jorratzen duen bikote-pieza bat da, “askatasunez dantzatzekoa, deskonektatzekoa eta egunerokotasunarekin apurtzeko beharretik jaiotakoa”. Hauek Plaça Nations-en eskainiko dute euren emanaldia, irailaren 6, 7 eta 8an. Bi ikuskizun hauek Euskal Teatroa izenpean ageri dira katalogoan, eta azokan euren informazioa eskuragarri egongo da Basque Performing Arts izeneko standean.

Itsaso Iribarren eta German de la Riva bikote nafarrak bere aldetik, proposamen berezia eskainiko du: Paseo Urbano izeneko ikuskizuna. Jarduera ibiltari bat izango da honakoa, eta partehartzaileei haririk gabeko entzungailuak emango dizkiete, horietatik hainbat grabaketa eta soinu-giro entzuteko.

Azokaren egitarau artistikoan parte hartuko duten euskal konpainiez gain, beste lau konpainia ere hautatu dituzte FiraTàrrega PRO izeneko pitching saioetan euren lanak aurkezteko. Pitching edo ikus-entzulego profesional baten aurrean eginiko aurkezpen artistiko horiek, ikuskizunen koprodukzioa lortzeko lankidetza bultzatzen edota obren nazio-mailako zirkulazioa sustatzen laguntzen dute. Hautatuak izan diren 320 konpainien artean lau euskaldun daude: Zanguango Teatro Al Otro Lado lanarekin; Dikothomia konpainia Ego lanarekin; Trapu Zaharra konpainia eta bere Turisteando lana, eta Ortzi konpainiaren Urbasa lana.

Zabaldu: