(argazkia: Zornotzako Udala)

Tartean Teatroak ‘Bake Lehorra’ antzezlana estreinatuko du Zornotza aretoan

Patxo Telleria antzerkigileak idatzi eta zuzendu du obra, taula gainean, berriz, Mikel Losada eta Aitor Fernandino aktoreak ikusiko ditugu.

Tartean Teatroak Mikel Losada eta Aitor Fernandino aktoreak igoko ditu oholtzara, Zornotzan. Ikuskizunak bi bertsio ditu eta euskarazkoa maiatzaren 23an taularatuko dute lehenengoz Zornotza aretoan. Konpainiak azaldu dutenez, “Bake Lehorra obrak gogora ekartzen digu erreza dela gerraren metxa piztea, eta aldiz, oso zaila dela itzaltzea. Gerra zaharren gaizki itzalitako txingarrek gerra berriak berpizten dituzte”.

Antzezlanak XIX. mendeko gerra zibil batez hitz egiten du, “euskaldunen artekoa, gure etorkizuna baldintzatu duena. Gaur egun darabiltzagun kontzeptu asko, ezker-eskuma, liberalismo-integrismoa, erlijio-laizismoa, espainolismo-fuerismo-independentismoa… gerra zibil haietan gorpuztu ziren. Duela gutxira arte pairatu dugun gatazka armatua, orduko sute horien txingarretatik sortu zen. Nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko, ezinbestekoa da orduan gertatu zena jakitea”, azaldu du lantaldeak.

Honakoa da antzezlanaren sinopsia: 1872ko maiatzaren 24an, Amorebietan, Serrano Generala eta Orue Diputatua bakea negoziatzen ari dira, amultasun diplomatikoaz gozaturiko giroan; piramide sozialean apur bat beherago, ateaz bestaldean, alde biotako ofizialak (karlista eta liberala) politikarien segurtasuna babesten dute, elkarren arteko gorrotoa eta mesprezua aireratzen duten bitartean; gizarte eskalan beherago, Morgako kanpaleku karlista batean, karlistak soldadu liberal bat afusilatzera doaz, baina exekuzioa eteten da, bake-itunaren emaitza argitu arte; une hartan bertan, bederatzi legoatara, Oñatiko kanposantuan, bi nekazari negarrez ari dira, haur baten hilobiaren aurrean, liberal eta karlisten arteko liskarraldi batean irtendako bala galdu batek hildako haurra; inork ez daki bala zein aldetik irten zen. Eszena hauek guztiak tartekatu eta kateatzen dira narrazioan. Zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua. Handiagoa erremina eta gorrotoa.

Patxo Telleria antzerkigileak idatzi eta zuzendu du obra. Taldea osatzen dute Adrian Garcia de los Ojosek (musika), Nati Ortiz de Zaratek (jantziak), David Rodriguezek (argiztapena) eta Pio Ortiz de Pinedok eta Myriam Garziak (ekoizpen exekutiboa).

Zabaldu: