Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean ikusiko ditugu taula gainean, Telleriak berak idatzitako komedia politiko honetan, aktualitate handiko egungo istorio bat kontatzeko.
Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak antzezlan berriarekin igoko dira Bilboko Arriagako oholtzara. Oraingoan Mireia Gabilondo antzerkigileak zuzendutako Kortxoaren dilema izeneko obra taularatuko dute bertan. Azaroaren 15ean eta 16an, arratsaldeko 19:30ean izango dira emanaldiak.
Telleriak berak idatzitako obra dugu Kortxoaren dilema eta endreduzko thriller politikoa bat da, bi aktorerentzat espazio eta denbora unitate bakarrean.
70 urteko irakaslea da protagonista, Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. “Noam Chomsky iberiar bat”, azaldu du Tartean Teatroak. Pronostiko txarreko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Hauen ustez buru zuritze bat da, trilero baten trikimailua, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru honen salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, irakaslea izan da.
Orain erabaki latza hartu beharko du protagonistak: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin. Gaur hartu du erabakia eta publikoki iragartzera doan unean, 60 urteko ezezagun bat, bere ikaslea izandako bat agertuko zaio ezustean, aspaldiko kontuak garbitzeko asmoz.