Teresa Sabate eta Virginia Santos artisten ‘Oinez eta eskuz 2’ erakusketa zabaldu dute Iruñeko Ziudadelan

Erakusketa datorren urtarrilaren 17ra arte bisitatu ahal izango da Ziudadelako Bolborategian.

Hizkuntzak eta narrazioak nahasten dituen hiru fasetako bidaia artistiko bat du oinarrian Teresa Sabate eta Virginia Santosen Oinez eta eskuz 2 erakusketak.

Erakusketaren jatorria bi artisten proposamen bat da, hizkuntzak eta narrazioak nahasteko, eta horretarako esperientzia partekatu baten bidez errealitatea eta fikzioa bateratzen dituzte. Hasierako ideia horietatik sortu zen lehen kolaborazioa, alegia, obra batean islatzea egunero Santa Marta kalean zuten lantegitik Uharte Arte Garaikidearen Zentroraino oinez, autoz edo autobusez egiten zuten ibilbidea. Zenbait hilabetez, ibilbide horretan bizitako esperientziak eta elkarrizketak bildu zituzten, eta horiekin pieza handi bat gauzatu zuten, zeina handitzen joan zen, hizkuntzak eta partekatutako esperientziak nahasten dituen hamar metroko mural handi bat osatu arte.

Sabatek eta Santosek diotenez, ez da toki batetik bestera fisikoki lekualdatzea soilik; “bidaia bat da, non espazioan eta denboran egindako joan-etorria lan-prozesuaren inguruko gogoetarekin batzen baita, bat-batean sortzen ari den obraren etengabeko negoziazioa, zeinaren elementuak bide bakoitzean ageri baitira”. Ibilbide horretan, arian-arian, konturatu ziren hutsalak diruditen gauzek garrantzia hartzen dutela. “Hurbilekoak, egunerokoak dimentsioa aldatzen du, esaten dutenez, aparteko bilakatzeko”. Hala, nabarmendu dutenez, “inguruan aurkitzen dugunak, egunero behatzera gelditu gabe ikusten dugunak garrantzi handia hartzen du merezi duen arreta jartzen badiogu”.

Baina bide hori egun hauetan Iruñeko Ziudadelako Bolborategian ikusgai dagoen obra sortzeko lehen fasea besterik ez zen izan. Hasierako planteamendu artistikoaren ondoren, Sabatek eta Santosek lantegira itzultzeko bideari ekin zioten, eta horrek ahalbidetu zien haien kalea berriz aurkitu eta beste modu batez begiratzea, hiri-ikuspegiaz. Asfaltoak, zirkulazioak edo eraikinek kontraste egiten zuten aurreko ibilbidean landu zuten natura-ingurunearekin, eta bi ideia horiek uztartzeko asmoz, haien lantegiaren inguruneari ukitu berde bat eman zioten. Hala, landarez eta kolorez betetako lorategi handia bailitzan imajinatu zuten haien kalea.

Eraldaketa-prozesu horretan zeudela, konfinamendua iritsi zen, eta horri esker beste ikuspuntu garrantzitsu bati erreparatu zioten: pertsonen arteko harremana. Orduan erabaki zuten lorategi imajinario horretan, haien kalean bizi diren pertsona errealak ere sartzea. Oinez eta eskuz 2 lanak jada hiru faseak egin baditu ere, artistek aitortzen dute oraindik ere proiektua irekita dagoela eta esperientzia berriak sar daitezkeela.

Zabaldu: