Tolosako Topic museoko aretoetan, Leidor antzokian eta kalean izango dira emanaldiak. Gipuzkoako zortzi herritan, berriz, beste hamasei emanaldi eskainiko dira. Horretaz, gain, tailerrak, erakusketak edota liburu aurkezpenak izango dira.
Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, larunbatean, hilak 23, abiatuko da, Tolosan. Bederatzi egunez, 39 emanaldi eskainiko dira; hain zuzen, 18 konpainiak parte hartuko dute, eta 20 lan ezberdin ikusteko aukera izango da. Diziplina anitzeko emanaldiak dira, adin guztietako herritarrei zuzenduak: eskuko txotxongiloak, harizkoak, berreskuratutako materialekin egindakoak edota giza neurriko gorputz txotxongiloak.
Aipatutakoen artean bi euskal antzezlan daude: Ximurrak, eta Titeres Etcetera konpainia andaluziarrak eskainiko duen Peio eta otsoa. Leire Amonarriz tolosarraren El lagarto baila konpainiak ere Izadi ikuskizuna eskainiko du abenduaren 1ean, igandea, Leidorren. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioa da, elkarrizketarik gabea.
Ikuskizun guztietarako sarrerak Cittolosa.com/titirijai webgunean eta Topic-eko leihatilan egongo dira eskuragai.
Tailerrak, erakusketak, liburu aurkezpenak, sariak eta urteurrena
Ikuskizunez gain, hainbat ekitaldi izango dira abenduaren 1era bitartean. Jaialdiari hasiera emateko, azaroaren 23an, Aviama 2024ko Nazioarteko Saria jasoko du Topic-ek, txotxongilo-antzerki esparrua berritzeko egindako lanagatik. Segidan, Onirica mecanica konpainiaren Verne ikuskizunaren aurre-estreinaldia izango da. Konpainiak astebeteko egonaldi teknikoa egingo du datorren astean Topic-en. Datorren asteburuan, Zaches konpainiak ikastaro bat eskainiko du, Unima Euskal Herriarekin elkarlanean, irudi antzerkiaren berrikuntzari buruz. Herritarrentzako tailerrak ere izango dira: azaroaren 24an 18:00etan eta 29an 17:00etan kaleko txotxongiloen tailer bana eskainiko dira Euskal Herria plazan.
Hilaren 26an, asteartea, hiru liburu aurkeztuko dituzte Topic-en: Malen Amenabar eta Miren Amurizaren Titiritari, eta Paco Paricioren beste bi, Los secretos del titiritero eta La extraordinaria vida de Polichinela.
Ostegunean, azaroak 28, Topic museoaren 15. urteurrena ospatuko da, 17:00etan aurrera. Hasierako proiektuaren sortzaileek beraien esperientzia eta ikuspuntua partekatzeko.
Hilaren 29an, ostirala, omenaldia egingo dio Tolosako museoak 50 urte bete dituen L’Estaquirot Teatre konpainiari. Gainera, museoan konpainia honen inguruko erakusketa egongo da ikusgai, martxoaren 9ra bitarte. Hilaren 29an, doako bisita gidatua egingo dute konpainiako kideek, 17:00etan.
Beste bi erakusketa ikusteko aukera ere izango da. Batetik, aurten zendu den Txetxo Gaztañaga diseinatzailearen omenezko kartel erakusketa ikusi ahal izango da Topic-eko sarreran. Gaztañagak bi hamarkada baino gehiagoko lotura estua izan zuen jaialdiarekin: besteak beste, Txantxo pertsonaiaren sortzailea izan zen. Bestetik, aurten ere Tolosako saltokien erakusleihoak txotxongiloekin apainduko dira.
Egitaraua, hemen.