Otsailaren 7ra arte egongo da topaketan izena emateko epea zabalik.
Aurten bigarren aldiz, Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoa jarriko du martxan. Kultura diziplina ezberdinetako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.
Egitasmoak otsailaren 12an burutuko den topaketan izango du abiapuntua; Kultiba enpresak dinamizatuko du saioa.
Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu Oihanederrek, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie.”Egitasmo honekin diziplinarteko sormen proiektu ezberdinak lagunduko dira, eta 7.500 euroko diru-poltsa osatuko da”, azaldu dute. Egitasmoak Vital Fundazioaren babesa du.
Otsailaren 7ra arte egongo da topaketan izena emateko epea zabalik. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da topaketarako sortu den inprimakia betetzea. Egitasmoa bere osotasunean beren-beregi 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileei zuzenduta dago.
Behin topaketa egin ondoren egitasmoaren gainontzeko faseak etorriko dira:
Deialdia: topaketan landu diren diziplinarteko kultur proiektuak aurkezteko lau asteko epea izango dute. Proiektuak lantzeko aholkularitza teoriko pertsonalizatua jasoko dute taldeek. Ondoren, gehienez bi proiektuen aukeraketa egingo da.
Proiektuen sormen prozesua: aukeratutako proiektuen garapena, gehienez hamabi hilabeteko epean burutzekoa.
Aurkezpen publikoa: sortu diren proiektuen aurkezpena 2023. urteko neguan egitea aurreikusten da.
Aurreko urteko deialdiari esker, Ogiak hizketan baleki obra multidiziplinarra ekoiztu zen. Lan honek, kazetaritza performatikoa erabiliz, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen du.
Oinarriak, hemen.