(argazkia: Loraldia)

‘Trikua esnatu da’ lelopean dator aurtengo loraldia jaialdia

Hamaikagarrenez, euskal kultura garaikidea ezagutzeko, ospatzeko eta berritzeko parada izango da martxoaren 10etik 30era bitartean, Bilbon.

Trikua esnatu da, horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo edizioaren leloa. Lelo honek Bernardo Atxagaren metaforan du sustraia. Idazleak trikua gure hizkuntzaren eta kulturaren sinbolo gisa erabili zuen: zaurgarria, txikia, baina historia luzea duena eta bere arantzekin babestua. Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz. “Loraldia Festibalak arduraz eta maitasunez bultzatzen du kultura hori, etorkizunera begira eta belaunaldi berriei euskararen eta sormenaren balioak transmitituz”, azaldu dute antolatzaileek.

Egitarau zabala

Jaialdiaren hamaikagarren edizioak diziplina artistiko ugari hartuko ditu bere baitan eta, ohi bezala, hauen arteko uztarketa sustatuko du: antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea.

Musika eta kontzertu bereziei dagokienez, Mila esker, Jonan Ordorika izeneko zuzenekoa izango da martxoaren 12an Arriaga Antzokian. Honetan, euskal musikaren zenbait erreferente bilduko dira: Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia ta Leturia eta Rafa Rueda.

Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen du Festibalerako produkzio propioak ekoitziz, horren adibide da Xiberoa kantuz loraturik. Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura esploratzea du helburu ikuskizunak. Loraldiak transmedia narratibetan ikertzen hasi da produkzio honekin eta lanketa honetatik hiru baliabide sortu ditu: ikuskizuna, podcast bat eta Xiberoa kantuz loraturik.

Bestetik, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ artista polifazetikoak bere unibertso musikala ekarriko du Loraldia Festibalera beste behin ere, Sukramarkus izenpean. Bere soinu esperimentalak eta bakarkako emanaldiek publikoari bidaia emozional eta artistiko bat eskainiko diote.

Xabi Zeberiok, Iñar Sastrek, Eñaut Zubizarretak eta Aitor Etxebarriak, euren aldetik, Pause izeneko lan intimista eta sakona taularatuko dute. Musika garaikidea eta emozioz beteriko esperientzia bat eskaintzen du, ikusleak liluratzeko asmoz.

Idoia Tapiak, Skabidean taldeko abeslari ohiak eta arte eszenikoetan aritua, bere lehen performancea, Alter Nation, aurkeztuko du. Lan honek Identitate Nahasmendu Disoziatiboaren inguruko konferentzia performatiboa eskaintzen du, psikopatologia honen ulermena joko eszenikoaren bidez esploratuz. Bloñ taldeak, bestalde, Bañolet webseriearen inguruan sortutako musika-proiektuarekin igoko da oholtzara.

Martxoaren 23an, Judit Neddermannek kontzertua eskainiko du hainbat euskal emakume abeslari alboan dituela.

Odola Kantari ikuskizunak literatura eta musika uztartuko ditu heriotzari eta odolari buruzko hausnarketa artistiko baten bidez. Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak hitzaldi-musikatu formatua eskainiko dute, testuak aztertuz eta kantatuz. Ikuskizuna Itsasmuseumean izango da martxoaren 25ean.

Lurretik Lurrera kontzertuak, berriz, XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Mik’mak herriaren arteko harreman historikoa ospatuko du, lurrarekin duten lotura sakona ardatz hartuta. Mixel Etxekopar, Claudine Arhancet eta Darlene Gihuminag musikariekin, ikusleek lurra eta kultura elkartzen dituen esperientzia hunkigarria biziko dute, historia eta gaur egungo gogoeta uztartuz. Emanaldia Bidebarrietan izango da.

Audience eta Belharra taldeek Bob Dylanen kantuen euskarazko bertsioak eskainiko dituzte Bob Dylan Gurea izeneko kontzertuarekin.

Ahotsaren indarra protagonista duen kontzertu kolektiboa da Bozak. Esanezin, Esti Markez eta Maite Ruiz de Erentzu emakume gazteak beren ahots eta estilo bereziekin igoko dira oholtzara.

Azkenik, Gorka Urbizuk bakarkako proiektu berria aurkeztuko du.

Antzerkia eta performanceak

Kamikaz Kolektiboak Renata taularatuko du, bizitzaren eta heriotzaren inguruko istorio frenetiko eta umoretsua. Taula gainean, Erika Olaizola, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala aktoreak ikusiko ditugu.

Atxine Janire Etxaberen dantza bertikaleko performance ikusgarria da. Bertikaltasunaren bidez mugimendu eta espazioaren kontzeptuak berrinterpretatzen dituena.

Kristalezko zooa izango da taularatuko den beste antzezlanetako bat. Kasu honetan Loraldiak eta Arriaga Antzokiak ekoitzia.

Amaitzeko, Don Inorrez taldeak eta Metrokoadrokak Aztia aurkeztuko dute. Kontzertu dramatizatua, musika, antzerkia eta dantzaren arteko elkarrizketa zirraragarri bat eskaintzen du.

Literatura eta bertsolaritza

Post_Etorkizuna: Urtero bezala, Loraldiak idazle bati eskatzen dio testu bat asma dezan geroan pentsatuz, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza uztartzen dira. Edizio honetan, Edorta Jimenez izan da gonbidatu duten egilea eta haren narrazio originala abiapuntu hartuta, Rafa Ruedak jarriko dio musika eta Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariak arituko dira.

Consonni bertso-saio espekulatiboak izeneko emanaldian, bestalde, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amuriza izango dira protagonistak. Bertsolaritzaren eta literatura espekulatiboaren arteko elkarrizketa berritzailea proposatzen dute.

Urtero bezala, literaturako ekitaldi laburrak ere izango dira: martxoaren 17an Iñigo Martinez Peñak Ezinezkoaren alde lanak aurkeztuko ditu eta martxoaren 24an, Amancay Gaztañaga antzerkigile eta idazleak Martin Martina trilogia.

Zinema eta ikus-entzunezkoak

Zizindurrunkarratz Oskar Alegriaren azken lana da, transhumantziaren inguruko bidaia poetikoa eta esperimentala. Zinema abangoardistaren erakusgarri, ikusleak isiltasun eta oroitzapenen mundura eramango ditu.

Kultura naturan

Loraldia Festibalaren iazko edizioan Goroldiorik ez proposamenaren lehenengo edizioa izan zen, Bilbo inguruko mendietan ibilaldi interpretatiboa eskainiz, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eskutik. Antolatzaileen esanetan, “oso arrakastatsua izan zen ekintza hau eta aurten bigarren edizioa egingo dugu”.

Goroldiorik Ez (II) ibilbide gidatuak natura eta artea uztartzen ditu, San Mamesetik Arraitz mendira egindako bidaia dramatizatua eskainiz. Piszifaktoria ideien faktoriaren gidaritzapean, Bilboko inguruko emakume ahaztuen memoria berreskuratuko da, baita emakume gazteen ahotsak ezagutu ere. Helmugan, Palestinaren Mina kontzertua izango da, Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Miren Zeberioren eskutik. Emanaldi honek lurrarekin eta historiaren zauriekin lotura sakona azpimarratzen du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna