Festilasai elkarteak musikaz familian gozatzeko egun bat antolatu du 2022ko ekainaren 18an, larunbata, 14:00etatik 20:00etara Miarritzeko Skate Park eta Gaztetxe inguruan.
Hamabost urte dira Festilasai elkarteak bere festibala abuztuaren 5ean eta 6an antolatzen hasi zela. Aurten, baina, aurrerapauso bat eman dute eta haurrei bereziki zuzenduriko proiektu bat diseinatu dute ekainaren 18rako, larunbata, belaunaldi berriei Festilasairen ikuspegi eta giroa transmititzeko asmoz.
Elkarteak TtikiLasai Eguna jarri dio izena ekimenari eta Miarritzeko Maria Pia zentro sozialarekin eta Skate Parkearekin elkarlanean antolatu du. “Ideia familientzako eta nerabeentzako besta bat proposatzea da, deskubritzeko eta elkar topatzeko aukera emango diguna, musikaren, skatearen eta jokoen bidez”, azaldu dute.
Hala, antolatu duten Musika Lehiaketaren bidez, tokiko artista gazteak testuinguru profesional batean arituko dira: “eszena handian ezagutaraziko dizkigute beren unibertso musikalak”. Egunean zehar, kontzertuak, Miarritzeko Skate Parkearen eskutik skate erakustaldiak, eta Dance School Academyren eskutik Hip Hop emanaldiak izango dira.
Herrixkan, bestalde, jokoak eta animazioak izango dira (egurrezko jokoak, Water Family animazioa, nerabeen erronka jokoak, haur txikien xokoa) eta beste sorpresa anitz heldu eta haurrentzat. Egun osoan zehar, skate iniziazio bat egiteko aukera izango da 4 urtetik gorako edozein pertsonarentzat. Jatekoa eta edatekoa ere izango da Miarritzeko ikastolaren eskutik.