(argazkia: Bertsozale)

Udako Bertso Eskola egingo dute ekainaren 29an eta 30ean, Iruñean

Katakrak liburu-dendan izango da ikastaroa, eta gogoetak partekatzeko gunea ez ezik, ariketa praktikoak egiteko gunea ere izango da.

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) udako ikastaroen eskaintzaren baitan, Bertsozale elkarteak Udako Bertso Eskola antolatu du. Iruñeko Katakrak liburu-dendan izango da bi eguneko ikastaldia, ekainaren 29an eta 30ean, goizez eta arratsaldez.

UEUk gaur argitaratu du xehetasunez aurtengo udako eskaintza eta tartean da ikastaro hau ere; matrikulatzeko aukera ere ireki da.

Azaldu dutenez, bertsolaritzari buruzko ikerketak eta gogoetak partekatzeko gunea izango da Udako Bertso Eskola, baita bertsogintzaren teknika hobetzekoa ere. Ikastaroan zehar ariketa praktikoak proposatuko dira, eta landutakoa praktikan jartzeko abagunea edukiko dute ikasleek ikastaroaren amaierako saioan.

Batik bat 30 urtera arteko bertsozale eta bertsolari gazteei zuzendutako ikastaroa izango da honakoa. Bertsozale elkarteak argitu duenez, adinez helduak ez direnek parte hartzeko gurasoen baimena beharko dute. Alabaina, interesa duen edozein adinetako bertsozaleak edota kulturazaleak ere eman ahal izango du izena. Matrikula ikastaroa hasi baino astebete lehenago itxiko da. Matrikulak 25 euro balioko ditu.

Bi egun osoko ikastaroa izango denez, bazkaltzeko aukera ere izango da Katakrak liburu-dendan bertan, 12 euroren truke.

UEUk eta Bertsozale Elkarteak EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin antolatu dute ikastaroa.

Informazio gehiago, hemen.

Zabaldu: