(argazkia: Bertsozale elkartea)

Udazkenean izango dira Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba txapelketak

Bertsozale elkarteak argitu duenez, kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba amaitu gabe utzi ziren iaz; eta urte honen hasieran behar zuen Nafarroakoak. COVID-19ak eragindako zailtasunak tarteko, ordea, data zehaztu gabe atzeratu ziren. Egoeraren bilakaera ikusita, Bizkaiko, Nafarroako zein Bertsularien Lagunak elkarteek txapelketa hauek 2021eko udazkenean egitea erabaki dute.

Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.

Final laurdena zela eten zen Xilaba iaz. Frantziako Estatuak pandemiaren aurka egiteko neurriak gogortu zituen urrian, eta kultur emanaldiak bertan behera geratu ziren. Irailaren 18an hasiko da berriro ere txapelketa, eta azaroaren 13an izango da finala.

Udaberria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zuten, aurreikusten ziren eragozpenak tarteko. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an ezagutuko dugu txapelduna.

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketa egin beharrean, maiatzean bukatu berri den binakakoa gauzatu zen.

Nafarroan, aldiz, atzeratu eta urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak gauzatuko dira, eta horiek ekainean egingo dira.

Bertsozalek laster jakinaraziko ditu Nafarroako aurre-kanporaketen inguruko xehetasunak eta hiru txapelketen inguruko informazioa udazkena gerturatu ahala. Pandemiaren eboluzioaren arabera, irailean, egoeraren irakurketa berria egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

Zabaldu: