Haur Besoetakoak Xabiroi aldizkarian aldiro kaleratutako ataletatik bildumara egin du jauzi hirugarrenez. Aurretik Haur Besoetakoa (2014) eta Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista (2018) bildumak argitaratu zituzten.
“Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi” komiki albuma aurkeztu dute, gaur, Unai Iturriagak eta Alex Sanvik, Donostiako Elkar liburu dendaren Komiki Txokoan. Ikastolen Elkartearen babespean argitaratzen den Xabiroi komiki aldizkariaren hamaseigarren komiki bilduma da honakoa, eta aurkezpenean izan dira, baita ere, aldizkariko zuzendari Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu.
Sinopsiaren arabera, “Aimek (aita eta amek) Haurren Hiria hankapean hartu eta ihes egin behar izan dute Haur Besoetakoak eta Lo-Li-Tak. Itsasora egin dute jauzi, haragoko ertzen batean askatasuna eta bizimodu hobea aurkituko dituztelakoan. Doazen lekura doazela, ordea, txakurrak ortozik. Haur Besoetakoak eta Lo-Li-Tak ez dakiten arren, Aimassad (Aimen zerbitzu sekretuak) gainean izango dute uneoro munduan barna egingo duten oztopoz beteriko bidaian. Askatasuna garesti dago nonahi, esperantza izpiak ere bai, baina Orhiko xoriak Orhira nahi. Partitzea zaila bada, itzultzea ez da samurragoa izango, itsasoan urak handi baitira”.
Haur Besoetakoak Xabiroi aldizkarian aldiro kaleratutako ataletatik bildumara egin du jauzi hirugarrenez. Aurretik Haur Besoetakoa (2014) eta Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista (2018) bildumak argitaratu zituzten.
Helduen munduak The Godfather (Aitajauna) duen moduan du haurren munduak Haur Besoetakoa, litxarrerien eta bideo-jokoen merkatu klandestinoaren nagusia. Irakurleak begien aurrean duen munduan legez, handinahikeria, boterea eta ustelkeria nahasten dira haurren mundu honetan ere, non helduak ez diren ugalketarako eta zerbitzurako izaki huts besterik.
Erreferentzia zinematografiko eta literarioz beteriko haurren unibertso honetatik, Haur Besoetakoak eta bere alter ego Lo-Li-Tak, errefusatu ezinezko eskaintza egingo du. Lehenengo bi bildumetan hiri itxi batean kokatutako istorioak agertu badira, oraingoan mundu zabalera jauzi egingo dute HBk eta Lo-Li-Tak. Hirugarren honetan, Irla, Hiripolis, Basamortua, Pentagonoa, Klubako Iraultza, ezagutuko dituzte, eta abenturaz zipriztinduko dituzte orrialdeak.
Iturriaga eta Sanvi pozik azaldu dira emaitzarekin. “Poz handiagoa dugu, hirugarren bilduma dugulako”, azaldu dute. “Haur hauek ez dira istorioetan hazten, baina istorioz istorio, bilduma hazi egin da”. 2007. urtea zen, HBren lehen irudiak argitaratu zirenean. “Ez genekien iraungo zuen, elkar ere ez genuen ezagutzen, posta elektronikoz soilik”, aitortu dute. Eta urteotan guztiotan iraun du, bigarren bilduma aurkeztu zutenean, Iturriagak amaiera izango zela uste izan zuen arren. “Bidean nentorrela, ez nekien aurkezpen batera edo ehorzketa batera nindoan”, azaldu du, orduko krisiaz mintzatzerakoan.
Krisitik askatasunera
Baina iraun zuten pertsonaiek, eta iraun du sortzaileon elkarlanak ere. Istorioak jarraitzeko bidea topatu zuten, eta hirugarren hau, askeago eta abentura gehiagorekin dator, komedia korrosiboari eta kritikari eutsiz, eta irakurketa maila desberdin eta anitz gordez. Euskal komikigintzaren Asterix eta Obelix bilakatu direla uste du Fanok, eta halaxe esan du aurkezpenean; HB eta Lo-Li-Ta, Xabiroi aldizkaritik harago, pertsonaia mitiko bilakatu direla.
Iturriagak eta Sanvik Xabiroi aldizkariari eskerrak eman dizkiote, urteotan eskainitako talaiarengatik. “Oso zaila da euskaraz komikiak argitaratzea, are zailago duintasunez argitaratzea. Xabiroik hori eskaini digu, eta gu, oso eroso egoteaz gainera, eskertuta ere bagaude”
“Xabiroi aldizkariak batu dituen izatezko bikote harrigarritzat” jo ditu, berriz, Tellituk, Iturriaga eta Sanvi. “Euskal komikigintzako sortzaile handi bi”. Eta horiek bezala, HB eta Lo-li-ta. “Pertsonaia harrigarri, bihurri, nekaezinak. Helduen munduaren aurkako borrokalari sutsuak. Abenturaz abentura, gure bihotzak irabazi dituen bikote maitagarria”.