Gatibu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Mäbu, Izaro, Anje Duhalde, Amak, Shinova, Maren, Urtz, EH Sukarra edota Su Ta Gar talde eta bakarlariek 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko kantuen orkestra-bertsioak grabatu dituzte, Fernando Velazquezek konposatuak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduta.
Ura bere bidean 22 pandemia garaian sortutako musika proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur Fair Saturday Fundazioak. Iaz egin zen bezala, 70eko hamarkadatik gaur egunera arte euskal kantak berrinterpretatu dituzte artista ezagunek. Fernando Velazquez getxoztarrak konposatutako piezak izango dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “Ura Bere Bidean proiektua 2021ean sortu zen, covid-19 garaian erresistentzia-ariketa berritzaile gisa. Pandemiak hainbat sektoreri eragin zien, bereziki kulturalari. Egoera horretan, Bizkaitik zerbait bakarra eta desberdina sortu nahi izan zen, kultur jarduera sortzeaz gain, denborarekin urteroko hitzordu bihurtu ahal izateko”.
Horregatik eta lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Euskal Herriko artista ezagunak berriro elkartu dira Fernando Velazquez konpositoreak bertsio sinfonikoan berritutako garai guztietako euskal kantu nabarmenak interpretatzeko. Parte hartu duten bakarlari eta taldeen artean Anje Duhalde, Su Ta Gar, EH Sukarra, Urtz, Gatibu, Zea Mays edo Mikel Urdangarin, Izaro, En Tol Sarmiento, Bulego, Maren, Amak, Shinova eta Mäbu talde eta bakarlariak daude. Guztiek Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Koral Elkartearekin batera joko dute.
2021eko abenduan hasi ziren Ura Bere Bidean ekimenaren bigarren edizioa prestatzen, programaren aukeraketarekin eta parte hartu zuten artistekin eta ordutik hona, Velazquez buru-belarri aritu da aukeratutako kantak berrosatzen. Kantu horiek Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta bakarlariek grabatu dituzte martxoan eta apirilean eta orain ekoizpen fasean daude.
Aurreikuspenen arabera, kantak uztailaren amaierarako egongo dira eskuragarri eta bakoitza astean behin estreinatuko da. Iaz bezala, 360º teknologiarekin grabatu da proiektua, murgiltze-kontzertu txikien prototipoak egiteko eta etorkizuneko metabersoaren barruan bide berriak irekitzeko.
Pandemiak ahalbidetzen badu, proiektuan parte hartu duten artistek kontzertu berezi bat eskainiko dute urriaren 22an, 20:00etan, BECen. Maiatzaren 9tik aurrera, Ura Bere Bidean ekimenaren lehenengo edizioan parte hartu zutenek izango dute sarrerak erosteko aukera, proiektua gauzatu izana eskertzeko. Sarrerak maiatzaren 25ean jarriko dira salgai www.uraberebidean.eus webgunean.
Ura Bere Bidean 22 proiektuaren berrikuntzetako bat bezala, aurten abesbatzentzako aukeratutako abestiekin partitura murriztuak egingo dira abesbatza taldeen eta musika irakaskuntzako ikastetxeen artean zabaltzeko. Fair Saturday fundazioak azpimarratu du “Ura Bere Bidean proiektuaren barruan garrantzi handia duela dibulgazioak, ez bakarrik musika gaiak, baita partiturak ere, ahalik eta jende gehienarentzat eskuragarri izan dadin kultur ondarearen sorkuntza hori”.