'Une histoire de vent' filma

Urrian helduko zaio berriro Nosferatu ‘Zinemaldia 70’ zikloari Donostian

Hamaika film proiektatuko dira guztira, 1988 eta 2010 urte bitartean Donostiako Zinemaldiaren programaziotik pasatu zirenak, eta erakustaldi honetan uda aurretik proiektatutako 26 filmei gehitzen zaizkienak.

Datorren urriaren 5ean abiatuko da beste behin ere Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrenari (1953-2022) eskainitako Nosferatu zikloa Tabakaleran. Antolatzaileek gogoratu dutenez, joan den urtarrilean eman zitzaion hasiera zikloari Une histoire de vent (1988) izeneko filmarekin, Joris Ivens dokumentalgile nederlandar beteranoak zuzendutako azken filma.

Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera zentroaren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana-ren lankidetzarekin, antolatutako Nosferatu Zinemaldia 70-ren hirugarren hiruhilekoan, hamaika film proiektatuko dira, 1988 eta 2010 urte bitartean Donostiako Zinemaldiaren programaziotik pasatu zirenak, eta erakustaldi honetan uda aurretik proiektatutako 26 filmei gehitzen zaizkienak.

Ohi bezala, sarrerak Tabakaleraren webgunean jarriko dira salgai hilero, aurreko hilaren 15etik aurrera, irailaren 15etik hasita, orduan hasiko baitira urriko proiekzioetarako sarrerak saltzen.

Bestalde, zikloarekin batera bi liburu argitaratu dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Zinemaldiaren historian oinarrituta. Lehena, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián, Colección Nosferatuko 18. zenbakia, Quim Casasek koordinatua, urtarrilean argitaratu zen. Bigarrena, Katixa Agirrek idatzia, Nosferatu Bildumako 10. zenbakia, azaroan argitaratuko da.

Egitaraua

  • urriak 5, Une histoire de vent (1988)
  • urriak 12, American Dream (1990)
  • urriak 19, Rebels of the Neon God / Qing shao nian nuo zha (1992)
  • urriak 26, Beautiful Girls (1996)
  • azaroak 2, Pusher: Un paseo por el abismo (Pusher, 1996)
  • azaroak 9, En construcción (2001)
  • azaroak 16, Brick Lane (2007)
  • azaroak 23, Passion (2008)
  • azaroak 30, El caballo de dos piernas (Asbe du-pa / Two-legged Horse, 2008)
  • abenduak 7, Genpin (2010)
Zabaldu: