Finala, abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan. Sei kanporaketez, hiru finalaurrekoz eta finalaz osatuta egongo da txapelketa.
Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu du Bertsozale Elkarteak gaur Bilboko Rekalde aretoan eta urriaren 1ean, Mungian abiatuko dela iragarri. Ohi bezala, Bilboko finalarekin amaituko da txapelketa abenduaren 16an, eta guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.
Kanporaketak urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean jokatuko dira herri hauetan: Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak, berriz, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira azaroaren 11n, 18an eta 25ean. Finala, azkenik, Bilbon izango da abenduaren 16an.
Kanporaketetan 36 bertsolarik hartuko dute parte: Udabarria Bertsotan-etik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera hamaika bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren zazpi bertsolariak: 2021ean finalista izan zirenak. Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.
Sarrerak salgai daude jada
Saioetako sarrerak eskuratzeko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera jada.
Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia.