(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Urriaren 21ean abiatuko da Bertso Eskola Feminista

Irailaren 29ra arte egongo da Ahalduntze Bertso Eskolan matrikulatzeko epea zabalik.

Bertsozale Elkarteak bertso-eskola feministen bederatzigarren edizioan izena emateko epea ireki du. Hala, Ahalduntze Bertso Eskolan parte hartu nahi dutenek hilaren 29ra arte izango dute izena emateko aukera. Elkartearen webgunean dagoen formularioa betez.

Lanketa feminista du helburu eskolak: “Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bidez, plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi dira emakume bertsolariak”, azaldu du Bertsozalek.

Teoria, praktika eta talde dinamika uztartzen dira bertso-eskola hauetan: ikasturte osoan zehar saioetan parte hartzeko konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna eta errespetua ditu oinarri. Hilean behin, larunbatez, izaten dira saioak Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, 10:00etatik 14:00etara, baina izen-ematearen arabera, bi talde osatzeko aukera egongo balitz, talde bat Durangon elkartzea aztertuko dela nabarmendu du elkarteak.

Izen-ematea

Gaurtik irailaren 29ra arte (egun hori osorik barne) eman ahal izango da izena formulario hau beteta. Ikasturte osorako edo hiru hilabeteka izen-emateko aukera egongo da. Ikasturte hasierako izen ematean aukeratu daiteke noiz parte hartu, baina urtarrilaren 8tik 10era eta apirilaren 8tik 10era ere zabalduko da izen ematea. Antolatzaileek zehaztu dutenez, izen-emate ordena aintzat hartuko da, taldea osatzerakoan lagun kopurua gainditzen bada.

Taldearen osaketaren berri irailean emango da, eta ordainketa bideratuko da, matrikula burututa (150 euro).

Ikasturtea 2023ko urrian hasi eta 2024ko ekainean amaituko da.

Informazio gehiago nahi duenak (+34) 943 69 41 29 telefonora deitu edo umorez@bertsozale.eus helbidera idatzi ahal izango du.

Zabaldu: