(argazkia: Urruñako antzerki eskola)

Urruñako antzerki eskolak ‘Urtaroak’ ipuin liburua argitaratu du

Eskola finantzatzeko modu berriak bilatzen aritu dira eta horren emaitza da lan berria. Ixabel Etxeberriak idatzitako ipuin laburrekin eta Garbiñe Ubedak ilustratutako irudiekin osatu dute liburua. Urtaroak hamabi ipuin eta bertsoz osatuta dago.

6 eta 18 urte bitarteko gazteei antzerkia euskaraz lantzeko aukera emateko jaio zen iaz Urruñako antzerki eskola. Pandemia hasi aurretik jarri zuten martxan, baina krisiak bete-betean eragin du bertako jardunean, izan ere, ezin izan dituzte eskolak normaltasunez eraman eta aurreikusita zituzten hainbat emanaldi bertan behera gelditu behar izan dira. “Honekin, eta herriko etxearen diru-laguntzak jasoko ote ditugun jakin gabe, proiektua finantzatzeko modu berriak bilatzen ibili gara”, adierazi dute bertako kideek sare sozialen bitartez zabaldutako mezuan.

Hala, dirua lortzeko asmoz, Ixabel Etxeberriak idatzitako kontakizun laburrekin eta Garbiñe Ubedak ilustratutako irudiekin ipuin liburu bat ondu dute. Urtaroak du izenburua lanak eta hamabi ipuin eta bertsoz osatuta dago, bat hilabeteko.

Eskolako kideek nabarmendu dutenez, ipuin liburu gehiago argitaratzeko asmoa dute eta hauetan haurrak dituzten kezkak jorratuko dituzte. Aurreratu dutenez, ipuin gehiago idatzita dituzte jada, baina horretarako ere finantzazioa beharrezkoa dute. Urtaroak Urruñako Leclerc saltokian jarri dute salgai lau euroan. “Zuen sostengua behar beharrezkoa dugu eskolatik kanpoko euskarazko aisialdia eskaintzen segitzeko!”, adierazi dute.

Zabaldu: