(argazkia: Bertsularien Lagunak Elkartea)

Urtarrilaren 31n izango da Xilaba Bertsolari Txapelketako azken hitzordua, Donibane Lohizunen

Maialen Hiribarrenek jantziko dio txapela irabazleari.

Azaroaren 8an abiatu zen Xilaba Bertsolari Txapelketa 24 bertsolarirekin. Orain, sei izango dira lehian Donibane Lohizuneko Jai Alain egingo den finalean: Aitor Servier, Elixabet Etxaundi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe. “Seikote honek argazki berri bat ekartzen digu, nola belaunaldiartekotasunean, hala generoari dagokionean”, adierazi du Bertsularien Lagunak Elkarteak. “Lehen aldikotz bost emazte izanen dira finalean (%84) eta 29 urtekoa da finalisten bataz besteko adina. Sei bertsolariak Seaskako ikastoletako ikasle izanak dira, eta adin tartea handia izanik ere seirei ukatu zaie baxoa euskaraz pasatzea”, nabarmendu dute.

Finalistek finalerako gogotsu daudela adierazi dute eta final ederraren atarian daudela gaineratu.

Maialen Hiribarren

Txapeldunaz gain, txapel emailea ere izaten da finaleko protagonistetako bat: Maialen Hiribarren (Itsasu, 1957). Prentsaurrekoan aitortu du “sobera gogoetatu gabe” esan zuela baietz: “Ohore handia dela uste dut, eta nahiko nuke ni bezala lanean ari izan direnen izenean eskaini txapel hori”.

Bertsularien lagunak elkartean 15 urtez bolondres lanetan jardun du Hiribarrenek. Elkartea bera osatzen eta indartzen animaleko lana egin du, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari. Seaskako irakasle izana da urte luzez erretreta hartu zuen arte eta lehen bertso eskolen bultzatzaile eta sortzaileetako bat izan da.

Finalerako sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna