(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

VI. Irakurleen Topaketa egingo dute Tabakaleran ostiralean

Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 23 irakurle elkartuko dira. Bertan pasa den ikasturtearen balorazioa egingo dute eta etorkizuneko erronkak partekatuko dituzte.

Uztailaren 21ean, ostirala, 15 herrialdetako 31 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko 23 lagun elkartuko dira Donostiako Tabakalerako K aretoan, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez. 17 irakurlek bertatik bertara parte hartuko dute, eta seik online.  Horien artean, datorren ikasturtean lanean hasiko diren bost irakurle berri bertaratuko dira.

Topaketan, 2022-2023 ikasturteko balorazioa egingo dute eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartuko dute. Ekimenak hitzaldiak eta talde dinamikak barne hartuko ditu.

Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea

Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakasleak dira. Horrez gain, esparru akademikoan euskal kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz ere arduratzen dira, jarduera kultural eta akademikoak antolatuz eta kultur-arteko topaguneak sustatuz. 2023-2024 ikasturtean zortzi irakurle berri hasiko dira lanean Institutuaren irakurletza sarean.

Topaketa hauek 2018 urteaz geroztik egiten dira, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea indartzeko asmoz. Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Irakurletza programaren bitartez, Institutuak euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko testuinguruetan. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 34 unibertsitatek osatzen dute Institutuak sustatzen duen sare hori, eta 28 dira sare horretan diharduten irakurleak.

Ehundura hau indartzeko, ezinbestekoa da irakurleek trebakuntza egokia jasotzea, eta horretarako, Institutuak hainbat ekimen antolatzen ditu. Esate baterako, EHUko Udako Ikastaroen baitan gaur hasi den Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII ikastaroa; edo urrian hasiko den Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. Azken hau EHUko Donostiako Campusean egingo da urritik azarora, dagoeneko irakurleak diren edota irakurleak izan nahi duten pertsonen formakuntza garatzeko helburuz. Matrikulazio epea dagoeneko zabalik dago.

Zabaldu: