Vicente Ameztoy artistari eskainitako atzera begirakoa Bilboko Arte Ederren museoan ikusgai

Denetara artista donostiarraren 53 margolan bildu dituzte. Haren ibilbide ia osoa. Erakusketa ekainaren 7ra arte egongo da Bilboko museoan ikusgai.

Bilboko Arte Ederren Museoak gaur ireki ditu Ameztoy erakusketaren ateak, Vicente Ameztoy artista donostiarrari (1946-2001) eskainitako atzera begirako zabala jasotzen du. Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktuaren aurrean, Donostiako artistak figurazioaren aldeko apustua egin eta 70. hamarkadako euskal artea zeharo eraldatu zuen. Figurazio horri gainera, subjektibotasunarekiko, misterioarekiko eta ironiarekiko zuen interesa gehitu zion.

Artistaren obran kezkagarri eta ohiz kanpokoaren presentzia nabarmena izan zen. Halaber, aipatzekoa da Ameztoyk zuen gaitasuna itxuraz arruntak diren osagaiak, paisaia esaterako, aztoratzaile bihurtzeko.

Euskal Herriko kultura eta historia garaikidearen aipamenekin batera, Ameztoyk hainbat erreferente erabili zituen, besteak beste, ingeles pintura aurrerrafaeldarra, italiar quattrocentoa edo Magritteren surrealismoa. Erreferente horiek guztiak hartu eta estilo sofistikatu, teknika zehatz eta bere interesen arabera moldatu zituen.

1990ean antolatu zen, Donostian, Ameztoyren lanaren atzera begirako lehenengo erakusketa, eta gaur egunera arte bakarra izan da; artistak berak prestatu zuen, 1970 eta 1980ko hamarkadetako lan aipagarrienen bilduma gisa. Ondoren, formatu txikiko hainbat erakusketa egin dira, haren lanaren alderdi partzialetan oinarrituak, esate baterako, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (2000) eta Gasteizko Artium museoan (2003).

Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketan, beraz, aurreneko aldiz aurkeztuko da jendaurrean Ameztoyren lan osoaren irakurketa bat, haren ibilbide artistiko osoa bilduko duena. Hala, ikusgai egongo dira joan den mendeko 60ko hamarkada amaieran, gaztaroan, egin eta oso gutxi ezagutzen diren obretatik, 2001ean hil aurretik egindako azkenengo lanetara arteko lanak. Denetara 53 margolan jasotzen ditu erakusketak, Bilboko museoaren arabera, batzuk oso enblematikoak; Rodriguez Hernandorena familiaren enkarguz, Bastidako Remelluriko Amaren ermitarako 1994 eta 2001 artean egin zuen margolanen zikloa, esaterako.

Beste hainbat obra partikularren esku egon dira, eta, batez ere, 1970 eta 1980ko hamarkadetan erositakoak direnez, orduz geroztik oso gutxitan ikusi ahal izan diren artelanak dira.

Margolanez gain, paperean egindako hainbat obra ere izango dira ikusgai (marrazkiak, estanpak eta kartelak) eta baita askatasun osoz elkarbanatutako objektuak biltzen dituzten collage-kutxak eta dokumentazioa ere, esaterako, marrazki-koadernoak, liburuxkak eta liburuak. Ameztoyren obrari buruzko Miradas (1969) film laburra ere proiektatuko da.

Erakusketaz gain, katalogo bat ondu dute Ameztoyren bizitza eta ibilbide artistikoa hobeto ulertzeko. Argitalpenak Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleen testuak biltzen ditu, besteak beste.

Ameztoy erakusketa ekainaren 7ra arte ikusi ahal izango da Arte Ederren Museoko 32. aretoan.

Zabaldu: