Liburuak Josu Goikoetxeak eta Juan Kruz Igerabidek itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 42. zenbakira iritsi da bilduma.
Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Walt Whitman estatubatuarrarena eta William Butler Yeats irlandarrarena. Autore bi hauekin 42. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatu zen bilduma. Beñat Sarasolak zuzentzen du proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.
Josu Goikoetxeak ekarri ditu euskarara Walt Whitmamen (1819-1892) olerkiak. Susaren arabera, “transzendentalismoaren ordezkari petotzat jo ohi dute: izadiaren eta gizakiaren batasuna, eguneroko gauza soilen jainkozkotasuna, naturaren joria eta orobiltasuna, norbanakoen eta munduaren ontasuna… eta, tasun horiek guztiak blaituz, zelebrazioa: haragiaren eta espirituaren uztarduraren ospakizuna, aberriarena eta demokraziarena, giza gogoarena, adiskidetasunarena, maitasunarena (gizonen artekoa sarri), mikatzean ere irautearena, giza bizileku eta bizigai den ingurunearena. Funtsean, doinu zabal bat biziari”.
Juan Kruz Igerabide arduratu da William Butler Yeats (1865-1939) autorearen testuak euskaratzeaz. Susak adierazi duenez, “Yeats Irlandar Literatur Pizkundea deitu izan denaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, bere proposamen poetikoengatik ez ezik antzerkiaren alorrean egindako ekarpenarengatik ere. Irlandako bardoa da Yeats, eta halaxe ulertu zuen berak ere bere rola”.
Antologia honek, lehen aldiz, Yeatsen gai eta obsesio errepikatuenen bilduma osotu bat eskaintzen du: irlandar folkloreko kantu eta elezahar berreskuratu eta eguneratuak, mitologia zeltako heroiak eta haien balentriak, Maud Gonne iraultzaile independentista eta Yeatsen musa idealizatuari behin eta berriro egindako aipamenak, orduko gertakari politiko esanguratsuenen irakurketak, zahartzeari buruzko gogoetak, mistizismoaren bidezko espiritualtasun zaharberritu baten bilaketa…