Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren saioan 676,5 puntu lortu ditu Illarregik, eta urriaren 24an Larraun-Lekunberrin kantatuko du.
Xabat Illarregi Marzol nagusitu da larunbatean, urriak 10, Gotaine-Irabarneko Herriko gelan jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren saioan. 676,5 puntu eskuratu ditu bertsolariak, eta, horrenbestez, urriaren 24an Larraun-Lekunberrin jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da zuzenean.
Sarrera guztiak agortuta, 630 lagunetik gora bildu ziren larunbatean Gotaine-Irabarneko saioa jarraitzeko. Ekhi Erremundegi Belokik egin zituen gai-emaile lanak, eta sei bertsolari aritu ziren oholtzan: Xabat Illarregi Marzol, Andoni Rekondo Izagirre, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Unai Mendizabal Jauregi, Onintza Enbeita Maguregi eta Ekhiñe Zapiain Arlegi.
Ariketa puntuagarriak amaituta, Illarregik lortu zuen puntuaziorik altuena, 676,5 punturekin. Andoni Rekondo sailkatu zen bigarren, 660 punturekin, eta Aitor Etxebarriazarraga hirugarren, 641,5 punturekin. Haien atzetik geratu ziren Unai Mendizabal, 631 punturekin; Onintza Enbeita, 624,5 punturekin; eta Ekhiñe Zapiain, 616 punturekin.
Illarregik finalaurrekoetarako txartela zuzenean eskuratu zuen; gainerako bost bertsolarien sailkapena, berriz, lehen faseko saio guztietako puntuazioen araberakoa izango zen.
Gotaine-Irabarneko saioko xehetasunak Bertsozale Elkartearen webgunean daude ikusgai.