Xabi Aburruzaga musikariak “Soinu Gorria” liburua aurkeztu du

Portugaletekoaren musika ondorengoei lagatzea da helburua.

Xabi Aburruzaga trikitilari eta musikariak Soinu Gorria bigarren liburua aurkeztu du. Lanak hogei konposizio originalen partiturak biltzen ditu, trikitiaren eta beste hainbat musika tresnaren interpretaziorako egokiak direnak. Halaber, pieza bakoitzak hainbat ilustrazioz eta azalpen didaktiko batez osatuta dago.

Liburua ontzeko ideia pandemia garaian sortu zitzaion bizkaitarrari, Aburruzagak musikarien mezu ugari jaso baitzituen bere partiturak eskatuz. Hala, hogei urte baino gehiago irakaskuntzan eman ondoren, trikitiaren interpretaziorako bere kantu propioen bilduma osatu nahi izan du, egindako trikitiari buruzko ikerketa eta sorkuntza lanak ondorengoei uzteko.

Soinu Gorria lana

Liburuak abesti bakoitzerako baliabide didaktiko eta lagungarriak eskaintzen ditu, musika interpretazioaren ikaskuntza errazteko. Partituretan melodiaren eta akonpainamenduaren xehetasunak argi adierazita daude, eta hainbat QR koderen bidez Aburruzagak berak pieza bakoitza nola jotzen den azaltzen duten bideoetara sarbidea ematen da. Gainera, kantuen inguruko testu eta azalpenak ere badaude, abesti bakoitzaren testuingurua eta sorkuntza-prozesua hobeto ulertzeko. Halaber, ilustrazioek eta notazio zehatzek interpretatzaileei musika esperientzia aberasgarri bat eskaintzen diete, trikitiaren erabileran sakontzeko aukera emanez.

Soinu Gorria lan kolektibo baten emaitza da. Izan ere, hainbat arlotako profesionalek hartu dute parte proiektuan. Hala, Aburruzagaren musika eta partiturez gain, liburua hainbat ilustratzailek, diseinatzaile grafikok eta edizio teknikoan adituak diren askok osatu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna