Urtarrilaren 25ean izango da. Sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian.
Azken urteotan egin duten moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere Bertso Eguna eta Lesaka aukeratu dute hurrengo ediziorako.
Bertsoaren festa handia urtarrilaren 25ean izango da eta Bertsozale Elkarteko kideek egun osoko plana ari dira antolatzen. “Goizetik hasita egun osorako egitaraua izango da, bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzeraino”, aurreratu dute.
Abenduaren 16an jarriko dira sarrerak salgai bertsosarrerak.eus atarian, eta orduan emango dituzte xehetasun gehiago.
Bertsolari Egunetik Bertso Egunera
Bertso Eguna Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da gaur egun, baina ez da beti horrela izan. Bertso Eguna, bere horretan, 1995etik antolatzen bada ere, hiru hamarkada lehenagotik ere tankerako jai bat egiten zen: 1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria, Bertsolari Eguna.
Hasiera hartan garaiko hainbat bertsolari omentzeko eguna izaten zen eta Donostian antolatzen zen. 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen egunaren antolakuntza. Horrela izan zen, harik eta 1995ean izena eta formatua aldatu zituen arte: Bertsolari Egunetik Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta omenaldi kutsua alde batera utzi zuen.
Bertso Egunaren hurrengo pausoa izan zen, gaur egungo formara iritsi arte, Donostia utzi eta herrialdez herrialde mugitzea: 2018tik aurrera horrela da, herrialde osoan eragitea baitu helburu. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunekin jarraitu ahal izan zuten, eta 2023an egun osoko plana antolatzeari ekin zioten berriro ere.