‘Xabier Lete Poema eta abesti guztiak’ obra aurkeztu dute

Azken 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan denaren ondarea jaso eta transmisioa zaintzeko helburuz, bere lirika osoa obra bakar batean bildu dute.

Xabier Leteren heriotzatik hamabi urte betetzera doazenean, haren lirika osoa (bai poesia, bai abestietako hitzak) obra bakar batean eskaini nahi izan diote irakurleari Elkar, Alberdania, Erein Txalaparta eta Pamiela argitaletxeek elkarlanean. Azaldu dutenez, “ia mila orriko emaitza da, formatu eder eta zainduan, azken 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan denaren ondarea jaso eta transmisioa zaintzeko helburuz egina”.

Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi unibertsitateko irakasle eta Leteren obran adituak izan dira lan hau aurrera eraman dutenak eta horretarako eskura izan dute poetaren eskuizkribu eta paper pribatuak biltzen dituen Xabier Lete Fondoa.

Hala, 100 orri baino gehiagok sarrera jori eta aberats baten ondotik, hiru partetan zatitu dute Leteren lan lirikoa. Lehenean, Xabier Leteren gazte garaiko hiru poesia-liburuak bildu dituzte, 40 urte baino gehiagoan inoiz berrargitaratu ez zirenak (egileak ez zuen gogo berezirik izan bizi zela) eta, hortaz, irakurle askok ezagutzerik izan ez dutenak: Egunetik egunera orduen gurpilean (1968), Bigarren poema liburua (1974) eta Urrats desbideratuak (1981).

Bigarren liburukian, isilaldi luze baten ostean, Leteren helduaroko poesiagintza biltzen da: Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), Biziaren ikurrak (1992) eta egilearen azken liburua izan zena: Egunsentiaren esku izoztuak (2008).

Hirugarren liburukia “eklektikoago” dela nabarmendu dute. Batetik, han-hemen sakabanaturik argitaraturiko poemak agertzen dira; bestetik, argitaratu gabe utzitakoak, tartean, amaiturik zegoen kalitate handiko bilduma bat; berak egindako poema-itzulpenak, eta, azkenik, abestietako hitzak: berak idatzi eta abesten zituenak, beste euskal kantari batzuek abesteko idatzitakoak, eta atzerriko kantariek sortutako kantak, Letek euskarara ekarriak.

Zabaldu: