Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Puges izango dira Arriaga antzokiko oholtza gainean, martxoaren 11n.
Loraldia Festibalaren baitan dagoen proposamen artistikoa da martxoaren 11n, Bilboko Arriaga antzokian taularatuko den Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari diziplina-arteko emanaldia.
Emankizunak Leteren kantuak gogoratzeaz gain, gaur egun bizi dugun jendarteari begiratuko dio, bere kantuen eta melodien bidez. “Bertsoz, kantuz eta hitz lauez, 1970eko hamarkadatik 2021era egingo dugu salto, bizitzatik heriotzara eta ni-tik gu-ra. Modu horretan, Letetik gugana bidaiatuko dugu”, azaldu du antolakuntzak. Horretarako, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Puges igoko dira oholtza gainera, ikuskizuna bertsoz, kantuz eta hitzez josteko.
Xabier Lete Oiartzunen jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean, eta Donostian hil zen 2010eko abenduaren 4an. Euskal idazle, poeta, kantari eta politikaria izan zen. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera. Baina, batez ere idazlea zen Lete, horregatik erabili dituzte bere hitzak kantari askok. Artikuluak idazten zituen Zeruko Argia aldizkarian, eta 1968an bere lehen poemategia argitaratu zuen: Egunetik-egunera orduen gurpilean izenpean.
2009an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuarekin. Horrez gain, lan handia egin zuen bertso zaharrak berreskuratzen.