Xabier Lizardi Literatura Saria martxan da Zarautzen

Lanak uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta bidez eta baita posta elektronikoz ere.

Martxan da Xabier Lizardi Literatura Sariaren 43. edizioa. Sariak haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea du helburu, eta bi diziplinak urtez urte txandakatzen dira. Aurtengo edizioa haur literatura saria izango da, 7 eta 12 urte bitarteko irakurleei zuzendutakoa.

Lanak uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta bidez eta baita posta elektronikoz ere. Behin aurkeztuz gero, parte-hartzaileak ezingo dio lehiaketari uko egin. Epaia 2024ko irailaren 27an jakinaraziko da.

Antolakuntzak azaldu duenez, “lanak jatorriz euskaraz idatziak izan beharko dute, originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak. Partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu dezake, eta irabazleak 5.500 euroko saria jasoko du”.

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia: Yolanda Arrieta, Nerea Loiola eta Amaia Serrano, edo horien ordezkoak. Bestalde, Zarauzko Udalak idazkari bat izendatuko du, epaileen arteko batzarra deitzeko, erabakia jasotzeko eta irabazleari jakinarazteko.

Iazko edizioa irabazlerik gabe uztea erabaki zuen epaimahaiak, aurkeztutako lanek sariketak urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez zutelako. Hori dela eta, aurten ez da ohiko sari-banaketa ekitaldirik egingo.

Lizardi Sariaren aurtengo ediziorako, 40. Lizardi Sariaren irabazlea izan zen Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak haur literaturaren inguruko manifestua prestatu du.

Oinarriak ikusteko, hemen.

Zabaldu: