Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek ‘Irla mortu bat’ programa antolatu dute apirilaren 9tik 14ra, Donostian

Zikloak bederatzi film jasoko ditu zinema aretoan egingo diren sei saioetan, eta aste osoan zabalik egongo diren bi instalazio, zentroko ikasleek ekoitziak.

Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolako Komisariotzako ikasleek Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat programa publikoa antolatu dute Tabakaleran, apirilaren 9tik 14ra bitartean. Ziklo honek bederatzi film jasoko ditu zinema aretoan egingo diren sei saioetan, eta aste osoan zabalik egongo diren bi instalazio, zentroko ikasleek ekoitziak.

Azaldu dutenez, “irla mortu batera iristeak zerikusia du berriro hastearekin, aukera berriak esploratzearekin. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren desira? Ziklo honetako filmek galdera horiek eta beste batzuk egiten dituzte, eta ikusleak gonbidatzen dituzte pentsatzera nola bizi leku batean, nola planteatu elkarrekin bizitzea, nola irten isolamendutik elkar aurkitzeko”.

Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours filmak (2002) abiatuko du programa apirilaren 9an, asteartean. 35 mm-tan proiektatuko da, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta ingelesezko azpidatziekin. Hilaren 10ean, berriz, Operai, contadini emango dute, Daniele Huillet y Jean-Marie Straubena (2001). Hilaren 11n, bi saio bikoitz izango dira: lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra EQZEko bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023). Ondoren, Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Sílvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018). Bigarren saioan Das Fadas bera egongo da, eta, filma aurkezteaz gain, proiektatu ere egingo du, 16 mm-tan. Hilaren 12an, azken bi saioak izango dira. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) proiektatuko dituzte. Itxierako emanaldian, Sharon Lockharten Eventide (2022).

Bi instalazioei dagokienez, benetako irlei buruzkoak dira, Donostiarekin eta inguruko lurraldeekin lotura zuzena duten irlei buruzkoak, gainera. Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa (EQZEko bosgarren promozioko ikaslea da) Bidasoa ibaira eta mugara hurbiltzen da, begirada Faisaien Uhartean finkatuta, Estatu espainiar eta frantziarreko muga administratiboetatik agertu eta desagertzen den uhartean, alegia. Ana Julia Silvinoren Odoyá ez dago! soinu instalazioa (EQZEko ikaslea da egun) Santa Klara uhartean egindako entzute aktiboko ariketa bat da, ikusten ez denari eta hautematen duen gorputz etorkinari buruzko fikzio espekulatibo bat.

Asteartetik igandera, Lika Tabakalerako 2 Nabean egongo da ikusgai, 16:00etatik 20:00etara. Odoyá ez dago!, berriz, Plazan, beheko solairuan, igogailuen parean, eraikina zabalik dagoen bitartean egongo da ikusgai. Biak doakoak izango dira eta bi artistek elkarrekin aurkeztuko dituzte beren lanak, apirilaren 10ean, 17:30ean, Plazan.

Zabaldu: