Xandra, Ane, Eukene (argazkia: Euskaltzaindia)

Xaneukier taldeak Lautan Hiru laguntza irabazi du ‘Komunikatzen’ antzezlanarekin

Oier Garamendik idatzitako antzezlanak komunikazioari eta giza harremanei buruzko hausnarketa proposatzen du, umorearen bidez. Taldeak 2.500 euro jasoko ditu lana ekoizteko, eta 2027ko otsailean estreinatuko du, Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren bederatzigarren edizioan.

Xaneukier taldeak irabazi du 2026ko Lautan Hiru antzerki-ekoizpenerako laguntza, Komunikatzen lan laburrari esker. Oier Garamendik sortu eta idatzitako proiektuak 2.500 euroko laguntza jasoko du, eta taldeak hiru hilabete izango ditu antzezlana ekoizteko. Estreinaldia 2027ko otsailean egingo dute, Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren bederatzigarren edizioan.

Komunikatzen antzezlan esperimental eta parte-hartzailea da. Garamendiren hitzetan, “komunikazioaren eta giza harremanen inguruan hausnartuko dugu, umorearen bidez”.

Komunikazioa eta inkomunikazioa

Tartean konpainiako, BIRA Kulturako, 7Katuko eta Euskaltzaindiako ordezkariek osatutako epaimahaiak lanaren testua eta jorratzen duen gaia nabarmendu ditu. “Testu bizia ondu du gidoigileak, hausnarketarako bideak irekitzen dituena, elkarrizketa zirikatzaileekin zipriztindua. Gainera, gaurkotasun handiko gaia jorratzen du: komunikazio-inkomunikazioarena, modu bitxian jorratu ere”, adierazi du epaimahaiak.

Euskaltzaindiak 2020an sortu zuen Lautan Hiru antzerki-ekoizpenerako laguntza. Egitasmoaren helburua euskarazko antzerkia sustatzea da, bereziki lan laburren sorkuntzari bultzada emanez.

Aurtengo laguntzari esker, Xaneukier taldeak hiru hilabeteko epea izango du Komunikatzen antzezlana ekoizteko. Lana 2027ko otsailean estreinatuko da, Lautan Hiru jaialdian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna