Xilaba 2020 Bertsulari Txapelketa Hiriburun abiatuko da irailaren 19an

Denetara hamar saio egingo dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan zehar. Azaroaren 21ean, Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretan jokatuko da finala.

Bertsularien Lagunak elkarteak jakitera eman duenez, irailaren 19an Hiriburuko La Perle aretoan hasiko da 2020. urteko Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Txapelketa. Azaroaren 21ean, Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretan jokatuko da finala, Denetara hamar saio egingo dira eta 28 bertsolarik parte hartuko dute.

Aurtengo edizioan inoiz baino gazte gehiagok parte hartuko duela azpimarratu du elkarteak. “Salto bat eman dugu, eskolartekoan ikusi zen bezala, agertuz, bietan ahal izateak garbi agertzen duela lanaren fruituak biltzen ari girela, eta pentsatzen dugu ez dela kasualitatea”. Euskal Herriko Txapelketa ere hor berean dela gogoratu dute, eta osasun egoera ahanzten ez badugu ere, bertsolaritzak eta euskalgintzak, oro har, begiak etorkizunera jarriak behar dituela adierazi dute.

Aurtengo txapelketa bestalde, leku berrietara iritsi dela zehaztu du elkarteak, “Ipar Euskal Herri guziak merezi baitu bertsuaren haizea sentitzea”. Hala, Hiriburu, Ainhoa, Larzabale, Bokale, Sohüta, Izpura eta Bardoze herrietan ere izango da 2020ko Xilaba. Finala, berriz, Donibane Lohizunen egitearen alde agertu dira: “aldaketa maila guzietan egiteagatik”.

COVID-19a dela eta, neurriak hartu eta indarrean izango diren arauak beteko dira. Jendeari maskarekin eta usaian baino goizago etortzeko eskatu zaio.

Sarreren eta salmenta lekuen inguruko informazioa eta bestelako xehetasunak webgunean daude: www.bertsozale.eus/xilaba.

Zabaldu: