(argazkia: Euskaltzaindia)

Zubi Zahar ikastolak ‘Xe’ lelopean antolatuko du 2023ko Ibilaldia, Ondarroan

Maiatzaren 21ean egingo dute Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute antolatzaileek, “ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz”.

Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak antolatuko du datorren urteko Ibilaldia, maiatzaren 21ean, Xe lelopean. Hirugarren aldia izango da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia Ondarroan antolatzen dela, 1993an izan zen lehena eta 2011n bigarrena. Zubi Zaharreko ordezkariek Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian zehaztu dutenez, “2023ko maiatzaren 21ean ospatuko dugu Ibilaldia, eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz”, adierazi dute arduradunek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 2023ko Ibilaldiaren helburu nagusiak dira “euskara eta euskal kultura ardatz dituen ikastola herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea; hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik; eta arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea”.

Horretaz gain, “euskararen sustapena bultzatzea; sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea; antolatzen diren ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea; Ibilaldia prozesu parte hartzailea izatea, ikastolako eta herriko eragile guztien artekoa; behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea ere izango ditu xede”.

Leloari dagokionez, hizkuntzarekin jolastu nahi izan dute, eta “Ibilaldia geurera ekarri, geure gustuz busti”, adierazi dute. Izan ere, Ondarroan Ibilaldiari Ibilaldixe esaten diote, eta hortik hartu dute leloa: Xe.

Zabaldu: