Yaima Orozco abeslari kubatarra Euskal Herrian izango da azaroan

Laster kalean izango den Ines Osinagaren azken diskorako grabaketan parte hartu du kantautore kubatarrak. Zuzeneko kontzertuak emango ditu Euskal Herrian: Bilboko Biran, Larrabetzuko Horibai Gaztetxean eta Oñatiko Beratu jaialdian.

Yaima Orozco abeslari kubatarra Euskal Herrian izango da azaroan. Momentuz, hiru kontzertu iragarri ditu: Bilboko Biran azaroaren 3an, Ines Osinaga eta Maria Riverorekin musikari eta abeslariekin batera; Larrabetzuko Horibai Gaztetxean hilaren 6an Osinaga eta Riverorekin berriro ere, eta 12an Oñatin, Beratu jaialdian.

Bere belaunaldiko trobadorerik garrantzitsuenetako bat da Orozco. Troba zaharraren tradiziotik edaten du, eta bere konposizioek Kubako son, guajira, bolero eta habanera bezalako generoak hartzen dituzte; baina guzti horri bestelako generoak eransten dizkio, tartean tangoa, folklore latinoamerikarra, bosa-nova, rocka eta jazza. Ahots zabal, tekniko eta koloretsuaren jabe da Orozco, eta lirismoz jantzitako melodiak ontzen ditu.

Bere abizenak erakusten duenez, Orozcok Euskal Herriarekin ere baditu loturak: Ines Osinagarekin jo izan du Kuban, Arrasateko musikaria bertan izan baitzen iaz. Gainera, Osinagak azaroan plazaratuko duen diskoan parte hartu du.

La Trovuntivitis kantautoreen taldeko kidea da Orozco, eta Euskal Herriaz gain, Argentinara, Uruguaira, Txilera, Venezuelara, Mexikora, Estatu espainiarrera, Portugalera, Estatu Frantsesera, Belgikara eta Suitzara eraman ditu bere kantuak. Gainera, Silvio Rodriguez, Teresa Parodi, Liuba Maria Hevia, Aca Seca Trio, Manu Chau, Liliana Herrero eta Cecilia Toddekin partekatu du agertokia.

Mi libertad diskoak, Yaima Orozcoren lan berrienak, Cubadisco Saria jaso zuen 2021ean, Nueva Trovako Disko Onenaren atalean.

Zabaldu: