(argazkia: Tabakalera)

Zabalik da 2deo serieak eta Noka ikus-entzunezko deialdietan izena emateko epea

Bi deialdietan parte hartzeko izen-ematea otsailaren 26ra arte egongo da zabalik.

Urtero bezala, Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elias Querejeta Zine Eskolak, Zineuskadik eta Tabakalera zentroak sorkuntzara bideratutako laguntza-eskaintza zabala prestatu dute sektore horretako talentu hasiberriei: proiektuak garatzeko laguntza-programak, masterclass eta tailerretan oinarrituriko programazio publikoa, eta sortzaileentzako hainbat baliabide.

Halaber, sortzaile hasiberriez gain, Tabakalerako ikus-entzunezko ekosistemak dagoeneko alor honetan eskarmentua duten zinegileentzat bideratutako baliabide-eskaintza zabala eskaintzen du, hala nola haien proiektuak gauzatzeko eta nazioartekotzeko mentoretza eta laguntza programak.

2deo serieak

Programa honek serie-sortzaileen (gidoilariak eta ekoizleak) proiektuak tutoretzan hartu, lagundu eta babestea du helburu. Proiektu bakoitzeko banakako aholkularitza eskaintzen du, mentoria espezifikoak eta ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen aurrean azken aurkezpena egiteko aukera eskaintzen du, batez ere, telebista-plataforma eta kanaletara bideratuta.

Orotara hiru proiektu hautatuko dira, horietako bat, gutxienez, euskaraz, eta jasoko duten laguntza ekonomikoa 5.000 eurokoa izango da.

Aurtengo edizioa Crossover Series Festival serie-jaialdiarekin batera abiatuko da eta Donostiako Zinemaldiaren itxierarekin batera amaituko da. Bi horiek dira, hain zuzen ere, Tabakaleraren bidelagun 2deo serieak proiektu honetan. Deialdia otsailaren 26ra egongo da zabalik. 

2deoren deialdi iraunkorra Tabakaleraren 2deo laborategiak sustatutako programa da, euskarazko eduki berritzaileak sortzen dituzten ikus-entzunezko proiektuak tutorizatzeko eta babesteko helburua duena. Horretarako programak mentoreak, banakako aholkularitza eta laborategiko tresnak eta instalazioak erabiltzeko aukera ematen die parte-hartzaileei.

Aurkezten diren proiektuek nahitaez izan beharko dituzte euskarazko ikus-entzunezko edukiak. Dena den, askotarikoak izan daitezke landutako gaiak, hartzaileen sektoreak eta erabilitako ikus-entzunezko euskarriak.

Hautatutako proiektuen sustatzaileek 1.500 euroko diru-laguntza jasoko dute proposamenaren ekoizpenerako, laborategiko baliabideak erabiltzeko aukera, 2deon zuzeneko aurkezpen publiko bat egiteko aukera eta 2deotik-en, erakunde ezberdinekin elkarlanean egiten den programan, parte hartzeko parada.

Deialdia iraunkorra da eta beraz urte osoan zehar aurkeztu daitezke proposamenak.

Noka mentoring programari dagokionez, ekimen honek zinemaren sektorean emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatu nahi ditu. Noka Mentoring programa aurten, lehenbizikoz, Ipar Euskal Herriko emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak lagundu, tutoretzan hartu eta babestu nahi ditu. Zehazki, gidoigintzari, zuzendaritzari, ekoizpenari, dosiergintzari, industriari eta foro profesionalei buruzko aholkularitza eskainiko du.

Laugarren edizio honetan hautatutako hiru proiektuek Maider Oleaga, Diana Toucedo eta Celia Rico mentoreen laguntza eta aholkularitza izango dute, eta hautatuko zinegile bakoitzak 4.000 euroko laguntza jasoko du bere proiektuak garatu ahal izateko. Gainera, aurten Hasieratik. Historia feministak zikloaren baitan 2019tik deialdi honetan parte hartu duten hamabi zuzendariek programatzeko aukera izango dute. Deialdia otsailaren 26ra arte egongo da zabalik.

Ikusmira Berriak

Martxoan abiatuko da bestalde Ikusmira Berriak programaren edizio berri bat, berrikuntza eta esperimentazioaren alde egiten duten ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa. Sameh Alaa, Maria Alche, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Perez Sañudo eta Hikaru Uwagawa sortzaileek hartuko dute parte 2023ko programan.

Deialdiez gain, Tabakalerak hainbat lantegi, masterclass eta topaketa eskainiko dizkie ikus-entzunezko sektoreko profesionalei urtean zehar.

Horien artean dago Europa Creativa Media Euskadirekin elkarlanean gauzatzen diren profesionalentzako lantegiak, garapen fasean dauden proiektuetan lanean ari diren euskal zinema sortzaile eta ekoizleei zuzendutakoak. Hauek izango dira aurtengo lehen lantegiak: Gidoi lantegia (Miguel Machalskirekin), Nazioarteko ko-produkzio lantegia (Paz Lazarorekin) edo Pitching lantegiak (Alvaro Vegarekin).

Horiez gain, aurten zinemaren arloko beste proiektu batzuk ere garatuko dira, hainbat urtetako edizio arrakastatsuen ondoren, tokiko eta nazioarteko talentua ikusarazteko egindako ekarpenengatik sendotu direnak, besteak beste, Kimuak, EAEn egindako film laburren urteko hautaketa, eta NEST, Donostiako Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketa.

Zabaldu: