(argazkiak: Zenbat Gara Elkartea)

Zenbat Gara Elkarteak Jose Arrueren beiratea dohaintzan eman dio Bilboko Arte Ederren Museoari

Dohaintza honekin, elkarteak museoaren bilduman sartuko den lehendabiziko beiratea izango den hau Gabriel Aresti euskaltegiaren baitatik atera eta Bilbotarren esku jartzea du helburu.

Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak Bilboko Arte Ederren Museoaren esku utzi dute Jose Arrue margolariak 1920ko hamarkadan egindako beirate polikromoa, Abandoko artistak sortu zuenetik Kale Nagusiko 24an euskaltegiak duen egoitzan zegoena. Azaldu dutenez, “artelana birgaituta, aurrerantzean, museoaren esku egongo da eta bertan ikusi ahal izango da, bere bildumara gehituta”. Birgaitutako beiratea gaur goizean aurkeztu da prentsaren aurrean, museoan bertan egindako ekitaldian. Dohaintza honekin, elkarteak museoaren bilduman sartuko den lehendabiziko beiratea izango den hau Gabriel Aresti euskaltegiaren baitatik atera eta Bilbotarren esku jartzea du helburu.

 “¡Ené.. qué sasqueles…! (Ene… zelako saskelak!) goiburuko beiratea, hamarkada luzez lohituta eta zati batzuetan hondatuta, barne patio batetik sartzen zitzaion argi apurrak argiztatuta zegoen, euskaltegiak 2015ean bergaitzea erabaki zuen arte. Egoera tamalgarrian egonik, nekez antzematen ziren beirate polikromo honen jatorrizko xehetasunak eta edertasuna”, azaldu dute.

Jose Arruek diseinatutako artelanak XX. mende hasierako umorezko eszena kostunbrista bat aurkezten du: “Hondartza batean, Ereagakoa izan daitekeena, bainuzale arduragabe batzuk ikusten ari dira ama-alabak izan daitezkeen baserritar bikotea. Helduak haurra babesteko keinua egiten du eta itxuraz bere ahotik atera den ¡Ené.. qué sasqueles…! (Ene… zelako saskelak!) esaldia irakur daiteke behealdean. Beiratearen inguru guztiak itsas motiboak ikus daitezke (txibiak, maskorrak, dortokak, arrainak…)”.

Aritz Estibez Olea Zenbat Gara eta Gabriel Aresti Euskaltegiaren ordezkariak hitza hartzean, gogoratu du “Zenbat Gararen sorreratik bertatik euskara eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematea, plaza ematea izan dela elkartearen helburu nagusia”. Gabriel Aresti idazleak berak, Estibezen esanetan egin zuen moduan, “euskara ilunpetik atera eta argitara eraman, plaza eman, denon esku jarri, euskaldunon, bilbotarron esku, eta zabalkundea eman”. Hori dela eta, Zenbat Gara elkartean, euskal kultura erdigunean jarri nahirik, Gabriel Aresti euskaltegiaren bidez, euskararen irakaskuntzan eta sustapenean egiten den lana gogora ekarri du, baita Bilboko Kafe Antzokian kulturgileek duten erreferentziazko espazioa ere.

Zabaldu: