Portuko ofizio gogor, anker eta txarto ordainduari buruz Amaia Apraiz Sahagunek eta Maria Romano Vallejok egindako ikerketa-lanarekin lotutako erakusketa da Bizkaiko Batzar Nagusietan bisitatu ahal izango dena, maiatzaren 24ra arte.
Garai batean Bizkaiko aurrerabidean alea jarri zuten emakumeen bozgorailu izateko asmoz, Bizkaiko Batzar Nagusiek erakusketa eta liburu bana aurkeztu dituzte. “Emakume horiek izan zuten indarra, kemena eta adorea baliatuta, mendeetan zehar, eurek jakin gabe, Bizkaiko garapen komertzial eta ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziren, nahiz eta beraien lana luzaroan ikusezina izan zen gizarteko jendearentzat”, azaldu dute.
Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea izeneko erakusketan, gogorarazi egin nahi da belaunaldi askotako emakumeen artean ere errealitate izan zen ogibidea. Izan ere, dokumentazioari esker, eta, batez ere, Amaia Apraiz Sahagunek eta Maria Romano Vallejok egindako azterlanari esker, jakin badakigu andrazko zamaketariak izan zirela XVI. mendetik XX. mendeko 50eko hamarkadara bitartean. Lanbideak oraindik ere badirau, baina hobekuntza sozialei eta garapen teknologikoari esker, oraingo lanak ez du beste garai batzuetakoekin zerikusirik.
Bizkaiko enpresa-ehunak bizirik irauteko hain garrantzitsua izan den lan hori egiaztatzeko material grafikoa (dokumentu ofizialak, egunkarietako albiste laburrak, argazkiak, ilustrazioak eta artelanen erreprodukzioak) bildu dituzte. Kultura-ondarean adituak diren Apraizek eta Romanok Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea. Zamalanetan aritzen ziren andrazkoak argitalpenean bildu duten ikerketa-laneko materialaren barruan dago erakusketako materiala. Hainbat iturri erabili dituzte: Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bilboko Udal Artxiboa, Euskadiko Artxibo Historikoa, Bilboko Portu Agintaritza, Sancho el Sabio Vital Fundazioa, Bilboko Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa.
Erakusketan ikusgai dauden ilustrazioen artean, nabarmenak dira Eulalia Abaituaren eta Allende-Salazarren argazkiak, Pedro Telesforo Errazquin Astigarragaren eta German Elorza Arrietarenak, Luis Paret Alcazarren (Areatzako bista) eta Juan Eustaquio Delmasen koadroen erreprodukzio zabalduak, edo dokumentu ofizialak eta prentsa-artikuluak (El Cantábrico eta El Liberal).
Antolatzaileek azaldu dutenez, “iraganean gizarte kapitalista eraikitzeko lan-indar bat gehiago izandako emakumea dago deskribatuta hor, biziraun nahian zebilena miseriaren ekonomian, gizonei baino gutxiago ordaintzen zieten, etengabeko tratu txar eta moralkeria sozial artean. Ia 500 urtean zehar izen desberdinak izanda (kargatzaileak, deskargatzaileak, zamaketariak edo karga-pisatzaileak), emakumeek beti iraun zuten hor, halaxe, gizarteak ikusi nahi ez bazuen ere. Baldintza latzetan lan egiten zuten andrazkoen taldea izan ziren zamaketari andrazkoak, esklaboen pareko baldintzetan ia”.
Liburuaren egileen arabera, emakume zamaketaria beti zebilen “bazterkeriaren eta pobreziaren ertzetan; azken baten, nahikoa estratifikatutako gizartearen azken-aurreko mailan, oreka ezegonkorrari eutsi behar zitzaion. Bide batez esanda, gizarte horrek horien kontrako era guztietako indarkeria onartzen zuen, zuten lanagatik eta andrazko izateagatik. Baina emakume zamaketaria izateak borroka ere bazekarren”. Garai hartako egunkari batzuek andrazko zamaketariak aurkeztu zituzten “ekintzan, laneko eta gizarteko gatazka-aldietan, ez ikusle huts moduan, baizik eta aldarrikapenetako parte-hartzaile aktibo moduan: hortz bat gehiago ziren Bizkaiko klase-borrokari eragin zion makineria boteretsuaren engranajean”.