Zetak, Anestesia eta Koban taldeek, besteak beste, beren lan berriak aurkeztuko dituzte Hatortxu Rocken

Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alberto Sanzol, Hutsun, Ivan Carmona eta Alex Sarduiren laguntza izango dute.

“21 urte eman ditugu etengabe, urtero, milaka lagun elkartzen. Aurten baina, osasun krisi larriaren eraginez, ezingo dugu ohiko elkartasun jaialdia antolatu”, adierazi du Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntzak. Hala ere, lanean jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa dela azpimarratu dute, “pandemiak gehien jipoitutako sektoreetako bi dira gurean protagonista: presoak eta kultura”. Horregatik, abenduaren 26an Hatortxu Rocken 24. edizioa antolatzea erabaki dute.

Hala, aurtengoa norberak bere etxetik jarraitu beharko duen jaialdia izango dela nabarmendu dute, “hori da aldatuko den gauza bakarra, izan ere, eskaintza oso berezia izango dugu taula gainean, soilik Hatortxu Rock honetan gozatu ahal izango diren izen, abesti eta ikuskizun ezberdinekin”.

Musika izango da protagonista, baina baita kulturaren beste esparruetako erakusleak ere izango dira jaialdian. “Modu honetan, hainbeste urtetan gure alboan izan diren musikari guzti horiei haien ahalegina itzuli nahi diegu egoera zail honetan, benetan zerbait berezia taularatuz”, adierazi dute antolatzaileek.

Abenduaren 26rako, beraz, Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alberto Sanzol, Hutsun, Ivan Carmona eta Alex Sarduiren laguntza izango dute.

Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte. Ikuskizuna Erika Olaizolak eta Lander Garrok borobilduko dute.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, Hatortxu Rocken webgunean.  “12 euroko prezioan Hatortxu Rock 24 ikuskizunaz gozatu eta dispertsioak eragindako gastuei aurre egiten laguntzeko aukera”, adierazi du antolakuntzak.

Zabaldu: