Zinea.eus atariak zinema-kritikari gisa jarduteko lehiaketa martxan jarri du

Lehiaketan parte hartu nahi duenak euskal film bat aukeratu beharko du, 2019tik aurrera estreinatutakoa aukeran, eta, kritika egindakoan, info@zinea.eus helbidera bidali beharko du.

Beste urte batez, zinemari buruz euskaraz aritzen den webguneak VI. Kritika Lehiaketa martxan jarri du. Arduradunek diotenez, aurten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dute. Hori dela eta, zeregin horretaz arduratuko den laguna behar dute, “zineman jarduten duen norbait, ala besterik gabe, zinemazalea den edonor”. Azken urteetan Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta, Zigor Etxebeste eta Sara Hernandez izan dira bertan lanean, eta orain, 2020ko ekainetik aurrera, “urtebetez ariko den kritikari berria topatu nahi dugu”, azaldu dute.

Egitasmoan parte hartu nahi duenak euskal film bat aukeratu beharko du, 2019tik aurrera estreinatutakoa aukeran, eta, kritika egindakoan, info@zinea.eus helbidera bidali beharko du. Pertsona bakoitzak kritika bakarra bidaltzeko aukeraizango du. “Banan-banan jasotako kritika guztiak argitaratzen joango gara, epaimahaikideek lanok baloratzeaz gainera, atariko irakurleek ere hauek irakurri eta bere balorazio propioak egin ditzaten”.

Irabazten duenak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea.eus atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri antzekoak dituen kritika osatu beharko du astero.

Lehiaketan parte hartzeko informazio guztia hemen.

Zabaldu: