Hiriko bost gunetan izango dira jarduerak: BBK Aretoa, BilboArte, Alondegiako Auditorioa, Golem Alhondiga zinemak eta Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoa.
Askatasunaren ideia eta urratzearen esanahia ardatz hartuta egingo da Zinemakumeak Gara! zikloa urriaren 18tik 29ra bitartean, Bilbon. 26. edizio hau “film labur eta luzeen proiekzioaren bidez egingo dugu, baita Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofo valentziarrak, pentsamendu garaikidean eta feminismoan aditua denak, oparituko dizkigun hitzaldien bidez ere”, zehaztu du antolakuntzak.
BBK aretoan egingo dute irekiera ekitaldia, urriaren 19an, astelehena. Bertan, Laura Sam poetak Arde la palabra ikuskizuna eskainiko du, Julia Juaniz muntatzaile nafarrari Simone de Beauvoir Saria eman aurretik. Ondoren, sarituak elkarrizketa egingo dio Marian Gerrikabeitia errealizadoreari, eta hainbat zuzendarirekin izandako ibilbidea errepasatuko dute: Basilio Martin Patino, Victor Erice, Carlos Saura, Mercedes Alvarez, Daniel Calpasoro, Alberto Morais eta Paula Cons, besteak beste. Ekitaldiaren amaieran, Gabriela Vidal eta Ines Maria Barrionuevo zuzendari argentinarren Las motitos filmaren estreinaldia izango da.
Urriaren 19tik 21era bitartean, BilboArtek Larisa Shepitkori buruzko atzera begirako bat eskainiko du, Neguko eguzkia izenburupean. Zikloak Alas, La ascensión eta Larisa proiekzioak jasoko ditu, zuzendari ukrainarraren lanari buruzko ponentzia batekin itxiko da, Neus Sabate ikertzailearen eskutik.
Urriaren 25ean, astelehena, Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilariak Simone de Beauvoirren bigarren saria jasoko du, Alondegiako Auditorioan. Naiel Ibarrola piano jotzaileak girotutako sari-banaketaren ondoren, Almudena Cacho kazetariak elkarrizketa egingo dio Salvadorri. Jardunaldia amaitzeko, Pilar Miroren El crimen de Cuenca proiektatuko da.
Urriaren 26an, asteartea, Suzanne Lindon zuzendari frantsesaren Spring Blossom proiektatuko da, Golem Alhondiga zinema aretoetan.
Urriaren 27an, asteazkena, Ainhoa Rodriguez zuzendariak zikloan parte hartuko du, Destello Bravío filmaren estreinaldiarekin bat eginez. Ondoren, Lara Izagirre (H)emen elkarteko zuzendari eta lehendakariak mahai-inguru bat zuzenduko du, eta bere sorkuntza-prozesuaren berri emango du.
Urriaren 28an, osteguna, Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan bi saio egingo dira: Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofoaren hitzaldia eta Ayten Amin zuzendari egiptoarraren Souad filmaren estreinaldia Estatu espainiarrean.
Urriaren 29an, ostirala, Golem Alhondiga zinema aretoetan, Clara Roquet zuzendariaren Libertad estreinatuko da.
26. edizio honetako jarduerek jarraipena izango dute, eta Zinemakumeak gara! programazioaren zati bat Basauri, Erandio, Portugalete, Zalla eta Mungiara hurbilduko da. Horrez gain, Beatriz Sanchez artistak bideo-sorkuntzarako tailer bat eskainiko du Yohn jauregiko instalazioetan (“La Bolsa” eraikina), urriaren 18, 19, 20 eta 22an.