Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Miren Agur Meabek eta Ane Garcia Lopezek itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 34. zenbakira iritsi da bilduma.

 Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Forugh Farrokhzad irandarraren gainekoa eta June Jordan estatubatuarrarena. Autore bi hauekin 34. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatu zen bilduma. Beñat Sarasolak zuzentzen du proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) ekarri ditu euskarara Forugh Farrokhzad-en (1934-1967) olerkiak. Susaren arabera, “Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko pizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da”. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen.

Ane Garcia Lopez (Hondarribia, 1994) arduratu da June Jordan (1936-2002) autorearen poemak euskaratzeaz. New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean jaio zen Jordan. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: “biolentzia historia latz batera kondenatua izatea”, adierazi du Susak. “Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia alde batetik —bere aitak sarri gogorarazten ziona zapaldua izan ez zedin— baina baita aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere”. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsuenak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen, eta gaur egunetik begiratuta, garaiei aurrea hartu ziela esan daiteke, egun puri-purian dauden hainbeste gai jorratu zituelako.

 

 

 

Aurreko kaierak hemen.

Zabaldu: