Proposamena Picassoren Gernika margolanean oinarritutako zirku garaikideko ikuskizuna da eta gerraren basakeriaz hitz egiten du. Ikuskizuna irailaren 18an eta 19an taularatuko da Algortako Muxikebarrin.
Donostiako ZirKuSS konpainiaren K.OS izeneko proiektua hautatu dute Getxoko Juana Bizkarra Egonaldi Artistikorako. Zirku garaikideko pieza da eta Picassoren Gernika lanean oinarrituta dago.
Proiektu berria martxan jartzeko egonaldia Algortako Muxikebarri zentroan izango da abuztuaren 23tik irailaren 19ra bitartean. Azken bi egunetan, gainera, proiektuaren aurrestreinaldia izango da, 20:00etan. Hilaren 17an, entsegu irekia egingo da ordu berean.
Lander Briones da egitasmoaren zuzendari artistikoa eta Maialen Alberrorek egin ditu koreografiak. K.OS-ek zortzi artista biltzen ditu, Picassoren lan ospetsuaren sinboloak irudikatzen dituztenak. Horien bitartez, ZirKuSSk jendeari bandoez eta garaiez ulertzen ez duen basakeriaz hitz egiten dio, biztanleria zibila erabaki politikoen biktima bihurtzen duena. Obrak mugimendu akrobatikoa eta narrazio poetikoa uztartzen ditu, zuri-beltzeko estetika batean oinarrituta, hitzik gabe, gerraren izugarrikerian zehar bidaia emozional bat eskainiz, baina gerra horretatik bizirik ateratzea lortzen duten pertsonen samurtasuna alde batera utzi gabe.
Getxo Kulturak azaldu duenez, “ikuskizunaren dramaturgia zortzi eszenatan egituratzen da, horietako bakoitzak pertsonaia bat protagonista duela: zezena, zauritutako zaldia, federik gabeko soldadua, biloba, kinkea daraman emakumea, ama eta bere haurtxoa eta usoa. Ondorioa koadroaren beste sinbolo boteretsu baten eskutik dator, begiaren eskutik. Horren bidez, 1937an gertatutako tragediatik bizirik atera zen Luis Iriondoren testigantza islatzen da, eta haren testigantzak ere inspirazio iturri izan dira konpainiarentzat”.
Pasarteen bitartez, askotariko teknikak tartekatzen dira: akrobaziak, lurzoruko ariketak, aireko ariketak oihalekin, akrobatiko porté-ak eta mugimendu espresiboa. “Musikak garrantzi handia du ikuskizun honetan, eta Borja Antonek konposatu du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren laguntzarekin”.
Euskal kulturari bultzada
Juana Bizkarra egoitzak euskal kultura-sektorea lagundu nahi du, espazio eta baliabide profesionalak eta diru-hornidura eskainiz antzerki-lanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Halaber, ekimen horren bitartez, sorkuntza-prozesua getxoztarrei hurbildu nahi die Getxo Kulturak, haien ezagutza, esperientzia eta kulturan duten parte-hartzea hobetzeko. Horregatik, obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak egingo dira, artistak herritarrekin.