‘Zirtak su’, zentsurari aurre eginez iraun duen emakume baten testigantza

Maite Lopez Las Heras idazleak Zirtak su. I. Hasieran bazen hitza trilogiari hasiera ematen dion eleberria kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik.

Zirtak su eleberri historikoa da, egiazko gertakizun batean oinarritua, egiazko pertsonaia bat protagonistatzat duena: Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea.

Gugana heldu diren testuetatik abiatuta, Maite Lopez Las Heras idazleak IV. mendeko emakumearen bidaia luzea kontatzen du, Gallaeciatik Lur Santuraino. Ibilbidean zehar protagonistak biziko dituen gorabeherak ugariak eta erakargarriak izango dira, orduko testuinguru nahasi eta berezian kokatuak, Erromatar Inperioaren gainbeheran eta Kristautasunaren hastapenetan, hain zuzen.

Kontakizun osoan zehar, baina, beste elementu bat ere tartekatuko da: zentsura. Irakurleak Erdi Aroko kopista desberdinen lana eta bizimodua ezagutu ahal izango du, Egeriaren lanaren zein zati eta zein ez kopiatu erabakiko dutenak, nolabait ere gugana heldu den testigantzaren zergatia azalduko dutenak.

Trilogia baten lehen alea

Aritz Galarra editoreak zehaztu duenez, Zirtak su izenburua, zehatzago Zirtak su I izango litzateke, gainera badu azpititulu bat: Hasieran bazen hitza. Horrek aditzera ematen digu liburu gehiago etorriko direla, esan nahi du trilogia baten aurrean gaudela”.

Galarragak liburuak, liburu hau, autonomoki irakur daitekeela nabarmendu du, “bere hasiera eta bukaera dauzka, baina hirurak irakurrita istorio oso-osoa ezagutuko dugu”. Trilogia mardul bat izango dela nabarmendu du: “lehen ale honek 430 orrialde ditu, guztira 1.000 orrialdetik gora izango dira”.

Zentzu horretan, egilearen lana “itzela” dela iruditzen zaio editoreari, “dokumentazio lana, informazio hori guzti hori modu jakingarri eta atsegingarri batean irakurleari ematea, neurri egokian, gehiegikerietan erori gabe, erakustaldirik egin gabe, kontrara, irakurleari eleberri gozagarri bat emanez, adin guztietarako aproposa, oso egokia institutuetan irakurtzeko adibidez, garai historiko ez oso ezagun batez idatzi baitu, emakumearen ikuspuntutik, gainera, hauek ere oso ohikoak ez diren ezaugarriak euskarazko literaturan”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna