‘Zu barik eztau’ argazki erakusketa aurkeztu du J.A. Areta Goñi ‘Juxe’k Donostian

25 urte emankorretan gogor eta gogoz lan egin izanaren emaitza da erakusketa. Urriaren 31ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera.

Zu barik eztau erakusketa paratu du J.A. Areta Goñi Juxek (Errenteria, 1968) Donostiako Egiako Kultur Etxean. Zuri-beltzeko 59 erretratuk osatzen dute bilduma.

Errenteriako argazkilaria Euskal Herriko kulturaren eta batez ere musika panoramaren eragile eta parte ezkutua da aspalditik eta Zu barik eztau proiektua 25 urte luze baina emankorretan gogor eta gogoz lan egin izanaren emaitza dela esan daiteke. Kamera analogikoekin lan egiten du Juxek eta argazki bakoitza denbora, magia eta mimoarekin lantzen du, pieza bakoitzaren prozesu guztia kontrolatuz. Pertsonaia ezagunak dira bilduma honen protagonistak, baina baita ezezagunagoak direnak ere, “funtsezkoak dira guztiak Euskal Herriko kultura panorama oparo eta askotarikoa hobeto ulertzeko”; eta guztiak orokorrean, hainbat urtetan egindako argazkilaritza lan emankorraren “konplize” dira. Hortik dator proiektuaren izena bera, Juxek argazkilaritza eta kulturgintza pertsonen arteko hartu-eman gisa bizi dituelako.

Erakusketa honekin argazkilariak eskerrak eman nahi izan dizkie bidelagun guztiei; eta bide batez horiekin guztiekin batera egindakoa, zein oraindik egiteko dagoena goraipatu nahi du.

Lehen aldia da erretratuz soilik osatutako erakusketa egingo duena. urriaren 31ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.

Zabaldu: