Hirukoak Migrazioak izeneko proiektuaren baitan eskainiko du zuzenekoa arratsaldeko 19:00etan, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegia.
Zumalakarregi Museoak Hezurbeltzak taldearen zuzenekoa antolatu du datorren larunbaterako, urriak 3. Antolatzaileek adierazi dutenez, kontzertuak plaza kopuru mugatua izango du eta museoak berak banatuko dituen doako gonbidapenen bidez soilik sartu ahal izango da. “COVID-19aren aurkako osasun neurri guztiak errespetatuz gauzatuko da ekitaldia”, nabarmendu dute.
Hezurbeltzak taldeko kontzertu hau museoak 2018an abiatutako Migrazioak proiektuaren barnean antolatu dute. Guztiok gara migratzaile baieztapenetik abiatuz, migrazio fenomenora hurbiltzeko saiakeran datza proiektua. XIX. mendean zehar eman ziren euskal emigraziotatik abiatzen bada ere, egungo migrazio paradigmaren inguruko gogoeta bilatzen du. Hiru ardatzetan osatzen da proiektu osoa; aldi baterako erakusketa (Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat Ormaiztegin abenduaren 31ra arte ikusgai), hezkuntza eta soziala.
Zumalakarregi museoko Dokumentazio Arduradun Mikel Alberdik, gaur, prentsaurrekoan, azaldu duenez, “ez da harritzekoa Migrazioak proiektuaren barruan Hezurbeltzak bezalako proiektua hautatu izana, beren emanaldietan jorratzen dituzten gaiak zuzen lotzen baitira gure helburuekin”. Hirukoak egiten duen moduan, Ormaiztegiko museoak ere gaurkotasuna duen gai honi buruzko hausnarketa bultzatu nahi du.
Hala, Ormaiztegiko komunitatearen sare bat sortzeko helburuarekin, Migrazioak proiektuaren ardatz sozialak jarduera eta topaketa ugari bultzatu ditu. Besteak beste; Nos conocemos tomando un té, Cocinas del mundo, Komunitateko ahotsak. Ildo berean, azaroan, zurrumurruen aurkako saioei hasiera emango zaie.
Hezurbeltzak
Ibilbide luze eta nortasun eta izen handiko sortzaileek osatzen dute Hezurbeltzak taldea, “bere zuzeneko emanaldietan musika gainditzen duen unibertso propioa sortzen dute”, diote museoko kideek. Hala, Jon Maia abeslari eta bertsolariak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Pitti gitarra jotzaileak kantu eta testuetan, besteak beste, emigrazioa, jendartean baztertuta dauden pertsonak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dituzte, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak. Agertokietan ohikoa ez den eskaintza berezia da Hezurbeltzak taldeak dakarrena.
Kontzertua arratsaldeko 19:00etan izango da Ormaiztegiko Zubipe kiroldegia. Sarrerak mugatuak izango dira eta gonbidapenarekin soilik eskuratu ahal izango da.
Gonbidapenak eskatzeko: 943 88 99 00, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus.