Zumetaren omenezko ikuskizun eszenikoa eta hizkuntza jolasa Euskararen Egunean

Kolore festa. Jose Luis Zumeta In Memoriam ikuskizuna izango da abenduaren 3an Joserra Senperena, Patxi Zubizarreta eta Mintxo Cemillanekin. Abere ba kapikua jolasa museoko erakusketa iraunkorrean egongo da abenduaren 6ra arte.

Donostiako San Telmo Museoak bi proposamen ezberdin luzatuko ditu aurtengo Euskararen Eguna ospatzeko. Alde batetik, abenduaren 3an, museoko elizan, 19:00etatik aurrera burutuko den Kolore festa. Jose Luis Zumeta In Memoriam ikuskizuna dago.

Patxi Zubizarreta idazlea, Joserra Senperena piano jotzailea eta Mintxo Cemillan margolaria izango dira Jose Luis Zumetaren omenezko ikuskizunean parte hartuko duten sortzaileak. “Helburua ez da Zumetari buruzko hitzaldi erudito bat eskaintzea, baizik eta aurten zendutako pintorearen ibilbidea ikuskizun baten bidez oroitzea eta goraipatzea musika, errezitatua eta margoketa uztartuz”, azaldu dute.

Hala, sormen prozesua aldarrikatu nahi dute ordubeteko ikuskizun honen bidez. Horretarako, lengoaia ezberdinak erabiliko dituzte: musika, hitza (narrazioa eta poesia errezitaldia) eta modu bisualago batean ere ikusi ahal izateko, bertatik bertara, pintore bat egongo da bere sorkuntza lana osatzen. Errezitaldia euskaraz izango da eta sarrera doakoa izango da, baina lekua aldez aurretik eskatzea beharrezkoa izango da museoaren webgunearen bitartez.

Bestalde, erakusketa iraunkorrean, hitzekin jolas egitea proposatzen du museoak. Bigararen abere ba. palindromo ilustratuen piztegia liburua da jokoaren oinarria eta museoaren erakusketa iraunkorra jokalekua izango da. Hala, euskararekin eta palindromoekin jolasteko aukera izango da museoan.

Museoan ezkutatuta dauden hizki formako hamaika abere aurkitzea eta horiek osatzen duten palindromoa asmatzea izango da jokoaren helburua. Palindromoa zuzen osatzen dutenen artean, bost liburu zozkatuko dira.

Museoko harreran banatuko dira jokoan parte hartzeko gidak eta parte-hartzaileek bertan utzi beharko dituzte euren erantzunak zozketan parte hartzeko. Jokoa publiko orokorrari eta familiei zuzenduta dago, eta museoko sarrera eskuratuta har daiteke parte.

Zabaldu: